Teknologia albisteak

Jakien kontserbazioan aurrerakuntzak ikertzaile gazte baten eskutik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-24 : 08:19

2017an Elhuyar Zientzia Azokan proiektu batekin sari bat jaso zuenetik, Maitane Alonso gazte bizkaitarrak zientzia-proiektu berritzaileen bileretan sariak jasotzen segitu du. Iaz lehena suertatu zen Bartzelonako Expocerca Jove azokan, eta aurten, jada EHUko medikuntzako ikasle dela, MIT-ek antolatutako lehiaketa batean jaso du sari parea, AEBetan. Jakiak kontserbatzeko teknologia berritzaile bat da Alonsoren asmakizuna.

16 urte zituen Maitane Alonsok 2017an bere ideiaren lehen prototipoa eraman zuenean, Marta Camara ikaskidearekin batera, Elhuyar Zientzia Azokara. Jakien kontserbazioa da ikergaia, eta labur esplikatuta koxka da ozonoa aplikatzea jakiei, horrela kontserbazio aukerak luzatzeko. Sistema elektriko batek deskargak eragiten ditu airean, eta aire horretan dagoen ozonoak jakietako mikroorganismoak hiltzen ditu (ez gaude oso seguru laburpen honekin, hemen dago azaldua prozedura euskaraz).

Hurrengo urtean (iaz, alegia), Bartzelonako Expocerca Jove azokan, berriz aurkeztu zen proiektua eta han ere saritua suertatu zen, eta Txilen ere egon zen beste zientzia azoka batean, ESI Amlat izenekoan (azoka honetan, proiektua aurkezteaz gain, euskarazko bertsoak ere kantatu omen zituen eta agurra dantzatu ere bai, blogean kontatzen duenez).

Ondoren, aurten izan du aukera Intel ISEF bilkuran egoteko, Phoenix hirian (Arizona, AEB) maiatzean. Proiektuak bi sari jaso ditu bertan, iraunkortasuneko kategoriako lehena, eta mikrobiologia alorreko bigarrena.

Une honetan, medikuntza ikasten ari da EHUn Maitane Alonso. Hauxe du bloga, eta Twitter kontua. EHUren Campus aldizkarian informazio gehiago bere proiektuari buruz.

Goiko irudia Phoenixko azokakoa da. Eta hemen behean, 2018an grabatutako bideo bat:

Erantzun

Sartu