Teknologia albisteak

Mintzalasai, BAB hiriguneko euskararen jaialdi handia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-22 : 09:22

Datorren aste osoan euskara sustatzeko Mintzalasai jaialdia egingo da euskara ahulen dagoen euskal ingurune batean, BAB hirugunean, Biaona, Angelu eta Biarritzek osatutakoan.

BAB hiri konposatuan, ezagutza %8koa, erabilera %1,6koa eta haurren %80ak ez du euskara ikasten ez etxean, ez eskolan. Aldi berean, euskalgintzen lanari esker, 21. mende huntan euskara oraindik errealitate bat da lurralde urbanizatu honetan: 15.800 hiztun, 550 heldu euskaldungai, 2.450 haur eta gazte ama-eskolatik unibertsitatera, 60 nini haurtzaindegietan, hamarnaka egitura Bai euskarari ziurtagiriarekin… Mintzalasai webguneak berak badu mapa eta gida zerbitzu bat, BAB-en euskaraz bizi, non hainbat baliabideren berri ematen den.

Webguneko beste material interesgarri batzuk ere badira, "besta euskaraz" haurrekin jardureko gida, eta hiztegi txikien bilduma.

Aste osoko egitarauan, 45 ekintza prestatu dira 30 eragileren partaidetzarekin, eta instituzio publikoen babesarekin ere bai. Egitaraua hemen dago PDF eran, edo webgunean egunez egun (irudien azpian).

Joatekotan, kontuan izan lehen helburua euskaldunei eta euskara ikasten dutenei euskara praktikatzeko aukerak eskaintzea da. Maila guztiei egokituak dira jarduerak. Euskara ez dakitenentzat ere proposamen batzuk izanen dira: euskara iniziazioak, haur euskaldun eta guraso erdaldun arteko partekatze momentuak, bat-batezko itzulpenak...

Jardueretan halaber euskoa, tokiko euskal moneta, onartzen eta aholkatzen dute.

Erantzun

Sartu