Teknologia albisteak

Twitterrek nazioarteko manipulazio politikoko 5 kasu salatu ditu (bat PPk egina)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-21 : 09:00

Twitterrek etengabe ixten ditu kontu faltsuak, spam-egileak, eta "arauak hausteagatiko" itxierak ere dekretatzen ditu etengabe, ez beti ondo asmatzen, esaten dutenez. Baina atzo jakinarazi zuenak beste maila bat adierazten du: nazioarteko manipulazio politikoko bost kasu handiren berri eman du, milaka kontu indargabetuz. Kasu horietako bat Espainian gertatu da eta Partidu Popularraren aldeko manipulazio ekimen bati dagokio.

Espainiako kasuaz Eldiario.es egunkari digitalak informatu zuen aurtengo apirileko Espainiako hauteskundeen garaian. 50 bat kontu identifikatu zituzten orduan, baina Twitterrek 259 indargabetu ditu. Bot lantegi batean eratutako kontu faltsuak ziren. Aurpegiz identifikatuta zeuden, baina irudien bilekat inbertso batek ageroan jartzen saretik beste pertsona batzuei lapurtutako irudiak zirela (ilustraziokoak adibide dira, informazio honen arabera).

Portaera robotiko bera zuten mezuek, erantzu, RT eta mezu zabalkunde identikoa dozenaka konturen artean, Pablo Casado PP-ko lideraren hitzak nabarmentze aldera. PP-k esan izan du beraiek ez durela bot sistemarik erabiltzen, baina militante edo zaletuek zer egin duten ezin dutela kontrolatu. Twitterrek esan du denbora gutxian egon zirela aktibo, baina "operated by Partido Popular" egon zirela dio agiriak.

Twitterrek salatu dituen beste kasuak hauek dira:

  • Arabiar Emirrerri Batuetan eta Egipton 267 kontuko sare bat desegin dute: Qatar eta Iranen kontrako mezuak zabaltzen zituzten, eta babesa eman Saudi Arabiaren aldekoei. Beste 4.000 kontu ere kendu dituzte Emirrerrietan, kasu honeta Yemengo gerran Saudi Arabiaren alde jarduteko zeudenak.
  • Saudi Arabiako sei kontuko sare txiki bat desegin dute, baina garrantzia du ze hedabide itxura zeukaten, eta ikusi dute lotuta zeudela Gobernuaren hedabide ofizialekin.
  • Ekuador. PAIS alderdiaren mila kontuko sare bat desegin dute. Agintean dagoen Lenin Moreno presidentearen alderdia da, eta bere politiken alde egiten zuten traolak manipulatuz eta bertxioen spama eginez.
  • Txina eta Hong Kong-eko gatazkan, beste 4.300 kontu pikutara, abuztuan aurkitutako beste operazio erraldoi baten jarraipen gisa.

Erantzun

Sartu