Teknologia albisteak

Osakidetzak webgunea berritu du, deskuidoren batekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-19 : 14:26

Osakidetzak bere webgune ber-diseinatua estreinatu du gaur, “euskaldun guztientzat osasunaren arloko erreferentzia bihurtzeko pentsatutako eta diseinatutako orria”, informazio publikoan argitaratu dutenez. Hala ere, badu deskuidoren bat: nabigatzailea euskaraz konfiguratua izan arren (ikus lehenhitza.eus), www.osakidetza.eus bisitatuz, webguneak lehen hitza gaztelaniaz egiten dizu.

Gaur aurkeztu dute webgune berritua prentsaurreko batean. Iruditu zaigunez, ez dute oso-osorik guztiz berritu, zeren eta hitzordua eskatzeko sistema, eta osasun karpeta pertsonala oraindik azpiegitura eta diseinu zaharrarekin daude.

Atal berriak, dena den, egon badaude, hala nola Osasun Eskola atal informatiboa. Osakidetzako zentroen bilatzaile bat ere badu, GeoEuskadik garatua. Ikerketa eta berrikuntzara emaniko "Made in Osakidetza" atala ere badago. Profesionalentzako atala ere berritu da, non enplegu publikoko deialdien inguruko informazioa ere badagoen (horrekin erlazionatutako auziez ez dugu arakatu webgunean).

Jaurlaritzaren datuen arabera, Osakidetzaren webguneak urtero hiru milioi erabiltzailetik gora izaten ditu eta batez beste 8.000 bisita egunean; Lanbideren eta Euskalmeten webguneen ondoren gehien bisitatzen den Eusko Jaurlaritzaren web-gunea da. 2019ko lehen sei hiletan, gehitu egin dira gehien eskatzen diren zerbitzuetako batzuetarako sarrerak, joan den urteko datuekin alderatuta; esate baterako, % 7 eta % 40 hazi dira web bidez hitzordua eskatzeko zerbitzurako sarrerak eta Osasun Karpetarako sarrerak, hurrenez hurren.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago