Teknologia albisteak

Hezkuntza sailaren Ordezkagunea ez omen dabil oso fin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-18 : 17:49

Aurreko ikasturtea (2018-2019) amaitu zenean, EAEko Hezkuntza Sailak iragarri zuen oraingo ikasturtean (2019-2020) plazak esleitzeko eta ordezkapenak egiteko prozesu guztiak telematikoak izango zirela ordezkagunea.euskadi.eus webgunearen bidez. Irakasleen sindikatu guztien iritziz, ordea, desastre bat omen da sistema berria, eta protestaka ari dira horregatik.

ELAk salatu du Ordezkagunea martxan jarri dutela inolako akordiorik gabe, eta "arazo handiak" eragiten ari dela.

Irakaskuntzako CCOOk dio "Ordezkagune sistemaren funtzionamenduak lehenbiziko egunetan ordezkogaiak haserrearazi" dituela. Sistemaren gardentasun falta salatu dute, eta akats konkretuak:

  • Aurreko esleipenean bakante gelditu eta lehen unetik sistemara bolkatu gabe gelditutako lanpostuak
  • lanaldiak zehazteko akatsak
  • zuzendaritzak lanpostua noiz bete zain dauden bitartean aplikazioan azaltzen ez diren plazak

Steilas sindikatuak dio aplikazioan arazo asko sortzen direla, "zerrendetan lanerako prest bezala dauden hautagai askok lanpostuari uko egiteagatik. Sistema telematikoarekin lanpostuari uko egiteak, ordezkapenak lehenengo egunetik betetzeko ezintasuna dakar, eta ikastetxeko langileen lanaren gainkarga nabarmena". Arazo hauek konpontzeko, Ordezkagunearen gidari ondo erreparatzeko gomendatzen du irakaskuntzako sindikatuak. 26 orrialdeko gidan, 13-15 orrialdeei erreparatzeko esaten dute.

LABek ere egin du protesta, eta itsatsi duten bideo honetan Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren berri ere jakin daiteke, ETB1eko albistearen bidez.

Cristina Uriarte sailburuak onartu du Ordezkagunean arazo puntualak egon badaudeka, baina egun gutxitan konpontzea espero duela.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago