Teknologia albisteak

11/13 Makroepaiketaren ondorio eta aurrekarietan, Interneteko zentsura masiboa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-16 : 12:03

Akordio batekin itxi dute gaur, epaiketa hasi den egunean bertan, 11/13 sumarioaren makroepaiketa. 47 lagun errudun jota, gehienei 2 urteko zigorra ezarri zaie (espetxera joan beharrik gabe), eta bi abokatuk zigor luzeagoa izanda 5 hilabete inguru joango dira espetxera. Eskaerak 601 urte artekoak izanda, badago aldea. Era berean, ondorio pertsonalekin alderatuta, sumario honen inguruko beste kontu batzuek txikikeria dirudite, baina ez ahaztekoak dira: kasu hau abiatzeko operazioetako batean, Interneteko euskal presentziaren kontrako zentsura operazio masibo bat egon zen.

Sumarioan auzipetutako erakunde bat Herrira zen, eta haren kontrako polizia operazioan, 2013ko udazkenean, Espainiako Barne Ministerioak "dekretaturiko" itxiera batzuen berri eman zuen:

  • Twitterreko 32 profil
  • Facebook-eko 125 kontu
  • 38 webgune

2013ko albiste bat dugu Sustatuko artxiboan ordukoa kontatzen duena. Barne Ministeritzako orduko oharraren URL-a desagertu da saretik ordea. Orduan testuaren pantaila irudi hau atera genuen:

Dekretu hark blog eta kontu askoren itxiera ekarri zuen, baina beste batzuek, nolabait, iraun egin zuten, izoztuta bada ere. Herrira erakundeari lotutako Herria.org webgunea itxi zuten, baina Twitterreko eta Facebook-eko izoztuta daude 2013. urtean.

Euskaldunon Egunkariaren eta bere webgunearen itxiera izan eta 10 urtera, berriro demostratu zen Espainian aski dela epaile baten erabaki bat Euskal Herriko edozein hedabide digital ixteko. 2019an gauzak desberdin direla pentsatzeko motiborik ez dago.

Erantzun

Sartu