Teknologia albisteak

Halloween eta Arimen Gaua: berreskuratze euskaldun baterako plangintza bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-13 : 14:55

Gauza jakina da, honezkero, Halloween gaua, azken urteetako inportazio arrotza izateaz aparte, duela ez hainbeste Euskal Herrian bertan kalabaza eta guzti egiten ziren Arimen Gauaren aldaera baizik ez dela. Oier Araolaza antropologoaren artikuluak, Ahotsak ekimenaren bideo ezaguna... Ezagutza zabaltzetik urrats bat aurrera emateko garaia ere badela pentsatu dute UEUk eta Topagunea: ikastaro bat proposatu du ospakizuna klabe euskaldunetan egin/berreskuratzeko. Urriaren 31ko gau beltzerako prestatzeko, orain hasi plangintza!

Itzalitako kalabazen berpiztea (Altuna & Ozaita, 2018) lan etnografikoa oinarri hartuta, Euskaltzaleen Topaguneak ospakizuna herrietan antolatu nahi dutenentzako baliabideak eskuragarri jarri nahi ditu. Horretarako, Gau Beltza antolatzen laguntzeko gida sortu du antolatzaile eta parte-hartzaile gaztetxoen esperientziak jasota. Formakuntza saio honetan bidean ikasitakoa denon eskura jarri nahi da.

Zera da ikastaroaren helburua:

  • Gau Beltza ospakizuna antolatzeko oinarri teoriko eta praktikoak eskuragarri jartzea herrietako antolatzaileentzat.
  • Zenbait herritako esperientziak ezagutaraztea.
  • Proiektuaren barruan sortutako baliabide kutxa eta webgunea aurkeztea (oraindik ireki gabe dago beraz, gaubeltza-eus izango dena).

Ikastaroaren antolakuntzan parte hartu duen Itsaso Lekuona elkarrizketatu dute Unibertsitatea.net webgunean. Ikuspegi praktiko batekin enfokatu dute jardunaldia, Lekuonak dioen bezala: "”Baliabideen kutxa” deitu duguna ere bertan aurkeztuko dugu. Kaxa honetan jaso ditugu gure ustez horrelako jai bat antolatzen hasteko lagungarriak izan daitezkeen erremintak (irudi edo kartel mutuetatik hasi eta bilerak antolatzeko gomendioetara). Eta arratsaldeko saioan, Gau Beltzaren bueltan egin daitezkeen tailer ereduak praktikatuko ditugu bertan gaudenok. Kalabazak husten jarriko gara, adibidez, gero bakoitzak bere herrira eraman dezan praktikatutakoa."

Eibarren izango da ikastaroa, irailaren 21ean, larunbatarekin (goiz eta arratsalde), eta matrikulatzeko epea astelehenera arte dago, irailaren 16a arte. Eman izena hemendik.

Artikulu hau ilustratzeko irudia, 2017an Elgetan egindako Arimen Gaueko bildumatik atera dugu.

Erantzun

Sartu