Teknologia albisteak

Hasi da ikasturtea eta, beraz, baita Wikipediako bandalismoa informatikako orduan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-13 : 12:09

Salaketa triste bat egin du Galder Gonzalez euskarazko Wikipediako editoreak: "Ikasturtea hasi da. Informatika ordua hasi da. Wikipedia bandalizatzeko sasoia da". Ikasle euskaldunei esaten dietenean Wikipediako orriak editatu daitezkeela, eta ordenagailu aurrean uzten dituzunean, tontakeriak egiteko aprobetxatzen dute askok tamalez.

Txio-hari batean Gonzalezek erakutsi ditu zenbait etsenplu, zein baino zein tontoagoa.

Filosofia ez zaio gustatzen honi:

Filosofoekin jaraituz, Zenon Eleakoaren orrian mezu interesgarri bat topatu dugu.

Euskañolezko adibideak ohikoak dira. Goiko ilustrazio nagusian ikus daiteke Joan Perez Lazarragakoa nola deskribatu duen batek: "Makina bat zen el tio". Baina hara, euskara zuzen eta txukunean bandalizatzen duenik ere bada: "Kolonoskopia etxeetako tuberiak aztertzeko teknika berri bat da eta bertan erabiltzen den materiala plastilina da."

Bandalismoa Wikipediak behin eta berriz nozitzen duen arazoa da, euskaraz eta beste hizkuntzetan ere. Sortzen diren arazoen gainetik, Wikipediak eusten dio edizio aske eta demokratikoari

Defentsa neurri nagusia izaten da bandalismoa egiten duenari blokeoa ezartzea administratzaile batek. Blokeo horrek irauten duen bitartean, erabiltzaile kontu horretatik edo IP helbide horretatik Wikipedian editatzeko baimen gehienak ezeztatuta egongo dira.

Ikasle bandaloen jarrerak sortzen duena da ikastetxe jakin bati moztu egiten zaiola epe baterako Wikipedian editatzea. Detektatzen den IP helbidea ikastetxeak (edo informatika gelak) erabiltzen duena da, eta tontolapikoak egindako txorakeriagatik, besteen edizioak ere ezabatuak geratzen da.

Bandalismoa detektatzeko modurik arruntena azken aldaketen orria patruilatzea da, eta arazoa kontrolatu daiteke, baina pena da gero Euskal Wikilarien Elkarteko administratzaileak honekin despistatuta ibili beharra.

Gorka Azkarate irakasle eta wikilariak aholku batzuk ditu idatzita DBH-ko ikasleen artean Wikipedia sustatzeko. Ikasleei esan egin behar zaie bandalismoarena. "Oso erraza dela Wikipedian ziri bat edo beste sartzea. Parke publiko batean zuhaitz bati kalte egitea bezain erraza." Eta esplikatu behar dira IP blokeoak zer diren... Irakasleen ardura da, beraz, aurretiko oharrak ematea.

Erantzun

Sartu