Teknologia albisteak

Hasier Larrea ingeniari donostiarraren Ori enpresaren gorakada

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-07 : 12:32

Hasier Larrea ingeniari donostiarrak proiektu pilotu bat garatu zuen duela urte batzuk MIT insititituan: CityHome zeritzon, eta modularki eraldatzen ziren altzari eta espazio batzuk ziren funtsa. Proiektu hura enpresa bihurtu zen (Ori Living), eta aurten inbertsio handiak eta Ikearekin kontratu handi bat lortu du.

Ori Living da enpresaren izena, eta oraingoz hiru produktu garatu dituzte. Horra Ori Cloud Bed delakoa, lainoetako ohea, nolabait:

Espazio mugatu batean altzari batek biren funtzioa betetzea, hori da koxka. Ingeniaritza mekanikoan dago altzarien muina, barne motore konpaktuek egiten baitute posible mugimendua eta eraldaketa.

Estatu Batuetan kokatua dago enpresa, eta bere lehen arraksta komertziala Ikearekin lortu du aurten: Rognan izeneko altzari lerro bat garatuko da, eta, argitaratu denez, Hong Kong eta Japonia aukeratu ditu Ikeak lehen merkatu gisa (logika du, etxe espazioa garesti eta murritza da herrialde horietan).

Ikearekin izandako akordioaren ondoren, inbertsio fondo handien dirutza jasoko du orain Orik. 20 milioi dolarreko inbertsioan parte hartzen dure Alphabet enporioaren Sidewalk Labs enpresak, Ikearen Ignka Group inbertsio adarrak eta beste batzuek. Alphabet da Googleren inguruan sortutako enpresa multzoaren gaur egungo ziena, eta horren barruan Sidewalk Labs delakoak smart city kontzeptuaren inguruan lan egiten du.

Fast Company agerkariak dioenez, presidente berria izango du Orik, Edwin Hendriksen, zeina WeWork-etik datorren (enpresa horretaz duela gutxi jardun genuen hemen Sustatun). Hala ere, zuzendari edo CEO gisa Hasier Larreak jarraituko du.

Hasier Larreaz gehiago jakiteko, entzun Euskadi Irratian duela urte batzuk egin zioten elkarrizketa. 2017an, bestalde, 30 urtetik beherako 30 profilen artean zerrendatu zuen Larrea Forbes aldizkari ekonomikoak.

 

Erantzun

Sartu