Teknologia albisteak

Ubik-eko greba bukatu da eta laster berrirekiko dute liburutegi aurreratu hau

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-09 : 11:32

Donostiako Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroko Ubik liburutegiko bitartekari grebalariek akordio bat lortu dute, 2022ra arte indarrean egongo dena. Akordio horrek amaiera ematen dio lan-baldintza "duinen" alde egiten ari ziren zazpi hilabeteko grebari, eta, besteak beste,% 32ko soldata-igoerak aurreikusten ditu. Hemen akordioaren berri, ELA sindikatuaren eskutik.

Ubikeko bitartekariek greba mugagabea hasi zuten 2018ko abenduaren 22an, euren lan baldintzak salatzeko, soldata hobekuntzak zerbitzua kudeatzen duen azpikontratatutako enpresari exijitzeko. Zazpi hilabeteko lanuzte eta mobilizazioek iraun duten bitarteab, Ubik liburutegia itxita egon da. Ostegunetik aurrera zerbitzua berriz irekitzeko moduan egongo dira.

Ubik "sorkuntza liburutegia" da, Donostiako Tabakalera eraikineko zerbitzu publikoetako bat. Liburutegi bitxi eta ez-ohikoa da. Edukien aldetik, sormena da gakoa: pentsamendua, artea, zinema, komikia, bideo-jokoak... Mailegu sistema bat badu bazkideentzako, baina bertako instalazioetan txoko bereziak ere badaude: 3D inprimagailuak, autoediziorkao txoko bat, bideo-jokoetan jokatzeko aukera, pantaila esperimental bat, plato bat kroma pantaila eta guzti... Baliabide horiek erabiltzen laguntzen dute liburutegiko langileek, eta izena ere berezia dute horregatik: bitartekariak dira.

Teknologiaren txokoa da Ubik-en espazio horietako bat. "Robotika, elektronika, software eta hardware librea, teknologia eta pedagogiaren harremana, 3D inpresioak eta abar luze batean murgiltzeko aukera ematen du zerbitzuak". Hiru teknologia-estaziok osatzen dute proiektuaren muina. "Mini-laborategi higigarri izaera duten postu hauek, elementu ezberdinez hornituta daude teknologiak eskaintzen dituen aukera kreatiboak Ubikeko erabiltzaileei hurbiltzeko xedearekin", dio Ubik-eko informazio korporatiboak.

Erantzun

Sartu