Teknologia albisteak

Zoom egiten duten lentilla batzuk aurkeztu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-24 : 09:36

Begiak kliskatzean zoom egiten duten lentilla batzuk aurkeztu dituzte San Diegoko Unibertsitateko ikerlariek. 

"Proba zientifiko bat" dela esan dute ikerlariek, oraindik merkaturatu ezingo den prototipo bat, baina ondo bidean pare bat urte barru gure begiekin zoom egin eta parean ditugun objektuak hurrago ikusi ahalko ditugu. Horixe da San Diegoko ikerlari talde honen asmoa, bederen.

Duela egun batzuk aurkeztu dituzte orain arte egindako proben emaitzak. Betazalak mugitzeko eta begiak ireki edo ixteko erabiltzen ditugun kinada elektro-okulografikoak erabiltzen dituzte lentillak kontrolatzeko eta, besteak beste, distantzia fokala aldatu eta zoom egiteko. 

Lentilla bigunak dira, malguak, polimero elektroaktiboz osatuak. Elastomero dielektriko bat daukate eta kinada elektriko jakin bat jasotzen dutenean, eraldatu egiten dira eta distantzia fokala aldatu egiten da. Ondorioz, irudia %32 handitzea lortzen dute. 

Aktibazio hori gauzatzeko hainbat metodo ezberdin probatu dituzte, baina azken probetan, behintzat, kliskatze bikoitz baten bidez lortu dute lentillekin zoom egitea. Tik-tik kliskatu eta zooma egiten duzu; tik-tik berriz kliskatu eta bista arruntera itzultzen zara. Ez da behar, beraz, bestelako gailu eta mekanismorik. Begiek eurek kontrolatuko lukete lentillen forma eta funtzionamendua.

Lentillen munduan azkenaldian gauzatzen ari diren garapenen hauek oraindik ere lehen urratsak besterik ez dira, baina etorkizun ertain batera antzeko garapen ugari ezagutuko ditugu, ziurrenik, orain gutxira arte Matrix eta zientzia fikziozko antzeko pelikuletan baizik ikusten ez zirenak.

 

.............

Argazkia: Wikipedia.

Erantzun

Sartu