Teknologia albisteak

Apple Maps kartografia web ingurunean ikus daiteke orain

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-25 : 09:43

Interneteko mapa azpiegitura handietan, Apple Maps orain arte iOS sistema eragilearen baliabideetan bakarrik ikus zitekeen, iPhone eta iPad-etan. Baina Apple konpainiak akordioa egin du DuckDuckGo bilatzailearekin, eta Duck-en bilatuz gero mapa bat, Applek marraztutakoak agertzen dira orain.

DuckDuckGo.com bilatzaileak, Duck.com laburdurarekin ere badabilenak, ezaugarri nagusi bat du, eta da ez duela erabiltzailearen daturik gordetzen bilaketa emaitzak zerbitzatzeko: ez du zure cookierik, ez zer bilatzen duzun, nor zaren... ustez emaitza neutralak ematen ditu bilaketan horregatik.

Mapen kasuan ere, Google Maps-ek gure ibiliak askotan gordetzen dituen bezala, ez du halakorik egingo DuckDuckGo-k, horixe diote izan dela baldintza bat funtzio hau Apple-rekin garatzeko. Hona enpressaren iragarpena.

Mapa bilaketa egin daiteke termino bat bilatu, eta dagokion fitxan klik eginda. Adibidez, horra Deba herriaren bilaketa eta, urrats bat haratago, mapa. Mapa horren barruan bilaketa geokokatuak ere egin daitezke. Hemen restaurant edo jatetxea bilatuta topatu duguna (goiko irudirako horixe bera aukeratu dugu). Aldiz, norabideak galdetzeko orduan, ez du Apple zerbitzurik erabiltzen, baizik eta Bing, Google Maps, HERE Maps, eta Open Street Map-en zerbitzuetara desbideratzen zaitu.

Mapen kalitateari dagokionez, Google Maps-ekin alderatuz Deba, antzeko itxura du kaleen eta errepideen marrazketan, baina eraikinen profilak falta dira Apple Maps-en. Aldiz, bi handi horiek baino itxura hobea du, kasu honetan, Open Street Map-ek eskaintzen duena:

Kasu honetan, zoom egin dugu atzerantz apur bat, ikusteko OSM-n Mutriku eta Debaren arteko errepidea moztuta ageri dela (lanetan ari dira). Halako egokitzapenik ez da ikusten Google edo Apple-ren mapetan uda honetan.

Erantzun

Sartu