Teknologia albisteak

Aire-garraio pertsonalean aurrerapenak (beharbada)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-17 : 09:05

Aire-garraio pertsonalaren inguruko aste honetako albisteetan, Franky Zapata ikusi dugu Uztailaren 14ko jai nazionalean Flyboard delako jet ibilgailuan hegan. Gertuago, Donostian, Tecnalia ikertegiak aero-taxi pertsonala aurkeztu du.

Donostian Ilunbeko zezen-plaza estaliaren barruan probatu du aste honetan Tecnaliak bere aero-taxia. Tecnaliaren atabera munduan era honetako sei prototipo garatu dira honenbestez. Ibilgailua, teorikoki, hirietan ibilbide laburrak era autonomoan egiteko gau da. Prototipoa pertsona bat edo 150 kg-ra bitarteko kargak garraiatzeko diseinatua dago, eta hirian 15 bat minutuko distantziak egiteko (gehienez ere 15 kilometro). Joan-etorriak 90 km/h-ko abiaduran egingo lirateke, baina 190 km/h-ra arteko abiadurak ere har litzake; hegaldiaren garaiera, berriz, 100-300 metrokoa izango litzateke.

Aerotaxiak 1,8 × 2 metroko kabina aerodinamiko bat du, ate eta leiho eta guzti. Hala ere, ez prentsa-oharrean ez bideoan ikusi dugunagatik ez dirudi pertsona bat sartu dutenik barruan proba hauek egiteko.

Pariskoan bai, pertsona bat ibilgailuan hegan ikusi dugu. Flyboard delako gailuaren asmatzailea bera da Macron-en aurrean hegan agertu dena, Franky Zapata. Tecnaliaren aire-taxia 16 helizeko sistema batekin (lau drone moduko, besoekin lotuta kabinara) hegaldatzen den bitartean, Flyboard honek gas turbinekin sortutako jet-txorroak erabiltzen ditu.

Kabinarik gabe, zutik doa gainean piloto hegalaria. 10 minutuko hegaldi baterako erregaia du Flyboardak.

Uztailaren 14ko desfile militarrean Zapata eskopeta handi batekin azaldu zen, tresnaren erabilpen akaso militarrak iradokiz. Baina, ikusitakoagatik, ez dirudi oso zaila izango zenik halako soldadu hegalari bati lurretik tiro egitea.

 

Tecnaliak aipaturiko ikerketa baten arabera, 2035ean 32.000 milioi eurora iritsiko da aireko taxien negozioa. Beharbada aseguru etxeen negozioa ere handituko da, gure aburuz.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago