Teknologia albisteak

Euskarabentura espedizioak aplikazioa dauka aurtengoan

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Lizarralde (CodeSyntax)
2019-07-04 : 12:48

Astelehenean abiatu zen 2019ko EuskarAbentura espedizioa Mauletik, eta iraungo du uztailaren 31a arte. Ehun eta hogei nerabek hilabetean Euskal Herria zeharkatuko dute, gure txokoak, kultura eta historia hobeto ezagutzeko. Euren jarduna sare sozialetan partekatzen dute, baina aurten, berritasun gisa, aplikazio bat daukate (Android eta iOS), informazio esklusiboa partekatzen duena, senide, lagun eta EuskarAbentura jarraitu nahi dutenek zuzeneko informazioa eduki dezaten. CodeSyntaxek garatu du aplikazioa.

Aplikazioaren helburua da EuskarAbentura oso gertutik jarraitzeko aukera eman eta bere inguruan komunitate bat sortzeko ahaleginean laguntzea. Tresnak ondorengo informazioa eskaintzen du:

Mapa

Mapa batean erakusten da espedizioarekin loturiko informazio geografikoa:

  • Etapa bakoitzaren ibilbidea ikusten da.
  • Une honetan espedizioa non dagoen.
  • Geokokatutako albiste edo gertaerak.

Bizi espedizioa

Izen hau duen atalean biltzen ditugu espediziokideek sortzen dituzten gertaera edo albisteak. Ondoren azalduko dugun moduan, albisteak backend-etik edota berariaz prestatu diegun aplikazio pribatu batetik publikatu daitezke.

Etapen inguruko informazioa

Hilabete honetan egingo dituzten etapa guztien informazioa eskaintzen du aplikazioak, bakoitzaren datu tekniko, ibilbidea eta mapa, profila eta lotuta dituen gertaerekin.

Partaideen aurkezpena

"Nor da nor" atalean partaideen inguruko informazioa ematen dugu, bakoitzaren argazkia, aurkezpen bideoa eta galdera-erantzun batzuk erakutsiaz. Atal honek sailkatuta erakusten ditu espediziokideak: nerabeak, begiraleak eta gonbidatuak. Halaber, bilatzaile baten bidez gure herrikorik ba ote dagoen kuxkuxeatu dezakegu.

Jakinarazpenak

Aplikazioa deskargatu duen erabiltzailea gurera erakartzeko modu eraginkorra eskaintzen dute jakinarazpenek, eta gure azpiegitura teknikoak aukera ematen dio EuskarAbenturako lan-taldeari albiste edo gertaeren inguruko jakinarazpenak bidaltzeko. Horrela, gertaera deigarriren bat dagoenean, norbanakoei esan diezaiekegu "hey, begira zer gertatu berri den EuskarAbenturan, ikusi, ikusi!".

Azpiegitura teknikoa

Guzti hau posible izan dadin ondorengo azpiegitura teknikoa eraiki dugu:

  • Backend bat: aplikazioak erakusten duen informazio guztia backend edo datu-base batean osatzen da. Bertan doa gordetzen partaideen inguruko argazki, bideo eta testuak, etapen datuak, gertaerak, ... Software libreko Django frameworka erabiliz sortu dugu backend hau.
  • Aplikazio publikoa: Android zein iOSerako prestatu dugun aplikazioa da erabiltzaileak deskargatzen duena. Angular erabiliz egin dugu eta backendak bidaltzen dizkion datuak erakusten ditu.
  • Aplikazio pribatua: proiektu honetarako propio egin dugun garapen berezi bat izan da hau. EuskarAbenturako lan-taldeak soilik daukan aplikazio pribatu honek aukera ematen die modu errazean euren momentuko geokokapena zein den esateko (zuzeneko geokokapena behin aktibatu, eta kitto, mapan bistaratuko dugu nondik doazen, bost minutuan behin eguneratuz kokapena). Gainera, aplikazio pribatu honen bidez, gertaera edo albisteak gehitu ditzakete modu erraz eta sinplean: argazkia atera, izenburua eman eta kitto, ordua eta geokokapena automatikoki hartzen ditu.

Instalatu dezakezu Euskarabentura aplikazioa Google Playn Androiderako eta Apple dendan iPhoneetarako.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago