Teknologia albisteak

Euskarazko Wikipediaren gorakada datuetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-05 : 11:08

Joan den astean, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen (EWKE) arteko hitzarmenaren balorazioa egin zuten publiko Bilboko agerraldi batean. Laguntza ofizialak bultzada eman dio Euskarazko Wikipediara, eta hainbat zifrak erakusten dute hori.

Jaurlaritzaren prentsa oharretik, eta Galder Gonzaleze EWKE-ko ordezkariaren zehaztapen hauetatik atera ditugu datuak:

  • 2018an 30 milioi bisita izan zituen Euskarazko Wikipediak (2017an baino 5 milioi gehiago).
  • 2019 honetan, hainbat egunetan 100.000 bisita baino gehiago ari da lortzen Wikipedia.
  • 42.000 artikulu berri sortu dira hitzarmenaren epean. Ikus hemen artikulu berrien sorkuntza, live eta zuzenean. Eta konputo totala hemen, beste estatistika batzuekin batera.
  • Kalitatezko 800 artikulu berri sortu dira, eta 1.200 gehiago hobetu, 2.500 ikasleren artean (gehienak unibertsitarioak), elkarlanean kolaboratuz. 2,5 milioi hitz gehitu dituzte hauek entziklopediara.
  • Hezkuntzarako mila artikulu programa bultzatu da. "Mila" dioen arren izenburuak biribil, 1.900 artikuluko zerrenda bat da egiatan osatu dena, eta horietan ikasle eta wikilariek gehitu dutena 8,9 milioi hitz izan dira.
  • 29. hizkuntza da orain euskara Wikipedian, eta bi postu aurrera egin ditu bi urtean. Turkiera eta armenieraren aurretik gaude. Hemen zerrenda ofiziala.
  • Euskaraz sortu den Txikipedia munduko lehen haurrentzako entziklopedia da Wikipediaren barruan.

Wikipedia osatzea denon esku dago, eta editatzeaz aparte, EWKE-n eman dezakezu izena (5 euro, urteko kuota).

Erantzun

Sartu