Teknologia albisteak

Microsoften liburu elektronikoak hil egin dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-03 : 08:46

Microsoft Store dendaren bidez erositako liburu elektronikoek funtzionatzeari utzi diote uztail honetan. Liburu batek ez badu "funtzionatzen", esan nahi du ezin dela irakurri, ez dela jada liburu bat, ex-liburu bat baizik. Inoiz inork denda horretan libururik erosi bazuen; suntsitu edo desagertu egin dira liburu horiek.

Ez da Microsoft denda munduko tokirik ezagunena izan liburu elektronikoak erosteko, baina funtzionatu izan du zenbait urtez: jendeak erosi eta irakurri ditu, besteak beste Edge nabigatzailearen bidez gauzatuz irakurketa. Liburuak saldu izan dituzte aurtengo apirila arte, eta harrezkero, heriotza programatu hau besterik ez. Martxoan erosi bazenuen ere, hil da jada zure liburua, uztail hasierarekin.

Microsoften denda horretan, beste e-liburudenda batzuen kasuan bezala, DRM edo eskubide digitalak babesteko sistema batekin banatzen ziren e-liburuak, eta denda deuseztearekin batera, DRM autentifikazioa ere hil du Microsoftek. Ondorioz, iaz erositako libururik ezingo duzu irakurri jada.

Interneteko zenbait aditu eta iruzkingileren haserrea piztu du kasuak. Edo, beste modu batean esanda, DRM-aren kontrarioek aspalditik esan izan dutena konfirmatzeo balio izan du:

DRM-a jabetza pribatuaren kontrako metodo bat da. Liburu bat edo DRM-z babestutako elementu bat erosten baduzu, ez zara propietate batez jabetzen, baizik eta erabilpen baldintzatu bat eskuratzen duzu, baldintzapekoa saltzaileak bapo esaten duen arte. Zuk pentsatuko zenuen liburu bat zeneukala erosia, baina Microsoftek demostratzen dizu ezetz: liburua desagertu da. Zure jabetza iraungi da.

Auzia komentatu dutenen artean, ingelesa badakizu irakurri Cory Doctorowrena edo Rob Donoghueren hari hau.

Ezer egin daiteke honen aurrean? DRM-a salatzen jarraitu, eta Donoghuek gomendatzen duena, bestalde: liburu elektronikoak kudeatzeko software ezagun bat badago, Calibre, eta horretan plugin batzuk badaude era bateko zein besteko DRM sistemak desgaitzeko liburuetatik; horra tutorial bat. Donoghuek dioen bezala, zuk erosi duzun liburu bati DRM-a kentzea gutxienekoa da.



Erantzun

Sartu