Teknofiloen albistegia

RedKaraoke itxiko dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-07 : 10:18

RedKaraoke Espainian sortutako mundu mailako zerbitzu nahiko ezaguna bihurtu zen, 2007an sortu zenetik. Hamabi urteko jardunaren ondoren, bi aste barru (uztailaren 20an), itxi egingo da. Karaokea etxean edo lagunartean egiteko tresna digital gisa azken 10 urteotan garatutako zerbitzuen artean 3 erabilienetan egon da mundu mailan RedKaraoke, baina ez da nahikoa izan negozio eredu iraunkor bati eusteko.


Errioxako bi anaien ekimen eta enpresa izan zen (Miguel Angel eta Richard Diez Ferreira), aurrerago beste akziodun batzuk inplikatu ziren arren. Web zerbitzu gisa, diru irabazi positiboak izan zituen 2014tik aurrera, baina gero beste gainbehera bat izan zuen negozioak. 2018ko irailean porrot judizialera aurkeztu zen, eta epaibideak erabaki du ez dela izan kudeaketa txarragatik.

Azken urteotan aplikazio bidez ere funtzionatzen zuen, eta Chromecast bidez telebistarekin lotuta bereziki praktikoa suertatzen zen.

Miguel Angel Diaz nagusiak Linkedinen adierazi duenez, RedKaraokeren porrotaren arrazoi nagusia musika industriarekin harremanak ezin ondo bideratzea suertatu da. Hasieran outsider bezala hasi ziren, eta hori okerra izan zela dio Diazek: gero hasi ziren eskubideak negoziatzen batarekin eta bestearekin, baina industria horietan zitalkeria gehiago aurkitu dute lagunak baino, eta alferrik izan da ahalegintzea.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu