Teknologia albisteak

PuntuEus: bost urtean 10.000 domeinu; beste bitan, 15.000

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-01 : 12:36

Bost urte bete dira lehenengo PuntuEus domeinuak sareratu zirenetik (haien artean, Sustatu.eus izan zen aitzindarietako bat). Bost urtean, 10.000 domeinuraino iritsi da komunitatea. Joan den ostiralean ospakizuna egin zen urteurrena ospatzeko.

Zenbait urtetako lanaren ondoren, 2013an argi berdea jaso zuen PuntuEus proiektuak. Orduan jakinarazi ziren zenbait datu interesgarri proiektuaren bideragarritasunerako, eta balantzea egin daiteke orain, nahiko positiboa. 2013ko hartan aurreikusi zen, 4.000 domeinu beharko zirela ekimenari eusteko, eta urteko 25 eta 30 euro artean salduko zirela domeinuak. Domeinu kopurua iritsi da maila horretara, eta aise gainditu ere (10.000. domeinua, erreserbatu ez bada, egun hauetako batean esleituko da) Prezioen alorrean, oro har garestixeago suertatu dira urte hauetan, baina une honetan prezioaren helburua ere gerturatu da aurreikuspen horretara.

Bi urte barru, Euskal Herriko merkatuan hirugarren domeinu erabilenak izateko helburua markatu du Puntueusek: .com eta .es-en ondoren, .eus izan dadila erabiliena. Horretarako, 15.000 domeinu inguru beharko lirateke, Josu Waliño PuntuEus-eko kudeatzaileak adierazi duenez. Lurraldetasun orekan badago hobetzerik: batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan dago errotuta. Ondorioz, hazteko gaitasuna beste lurraldeetan egongo da bereziki.

Erakunde publiko, hedabide, kiro-elkarte eta abarretan asko hedatu da PuntuEus, baina bereziki enpresen alorrean izan du garrantzia: domeinuen erdia enpresen sektorean dago kokatuta, era guztietatik, dendari txikitik nazioarteko enpresaraino. Alde honetatik, eskaintzan segurtasun puntu gehigarriak ere izango dira PuntuEus-en hemendik aurrera, Basque Cybersecurity Centerrekin lankidetza protokoloa hitzartu baitute.

Informazio gehiago, PuntuEus-en albistegian.

Erantzun

Sartu