Teknologia albisteak

DBHko aniztasun gelen ezaugarri interesgarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-28 : 10:23

Blogari baten ekarpenean irakurri dugunetik, gai interesgarri bat Hezkuntzarekin erlazionatua: Aniztasun gela edo "dibertsi" (Diversidad hitzetik) gela berezi bat da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hainbat zentrutan eskaintzen dena. Gela honen helburua da DBHko titulua lortzeko zailtasunak dituzten ikasleei jarraipen zuzenagoa egin ahal izatea, eta ezaugarri interesgarriak dituzte.

Dibertsio gelako ikasle hauen zailtasunek hauek jatorri desberdina izan dezakete: luzaroan gaixo egon diren ikasleak, beste herrialde batzuetatik iritsi direnak, ikasteko zailtasunen bat dutenak... hainbat kontu egon daiteke jatorrian. Hortik izena: aniztasun gela. Anitzak izanagatik ere, ikaslea lerro honetan sartzeko aukeraketa bat egiten da eta faktore komuna izaten da lanerako motibazioa izatea.

Gela honetan eskolak nagusiki bi irakaslek ematen dituzte, orokortuz batek letrak (euskara, gaztelera, gizarte...) eta besteak zientziak (mate, fisika/kimika, bio/geo...), bloke banatan. Beste ikasgaien kasuan (ingelesa, soinketa etab.) bakoitzak bere irakaslea du, lerro arruntean ematen duena.

Bi urtetako zikloa izaten da aniztasuna eta ezin da errepikatu. Nota globala jasotzen da bloke bakoitzean.

Aniztasun gelako ikasle kopurua txikiagoa da (12-15) eta lan pertsonalizatuagoa egin ahal izaten du irakasleak. Azterketek pisu gutxiago dute eta gehiago gelako aurkezpenek, taldeko lanek eta eguneroko jardunak, irakasleak oso ondo jarraitzen bait du ikasleen eguneroko lana. Emaitzen diktadura hortxe daukagu, eta kontu honetan atzera pauso bat egiten da ikasleen esfortzuaren balorazioari muga bat jarriz.

Eskola anitza nahi duten gurasoentzat, hemen aukera bat. Fokua esfortzuan jartzen duena eta ez hainbeste emaitzetan, ikasle kopuru mugatu batekin, ikasle bakoitzaren berezitasunak kontutan hartuko dituena, ikasleen arteko harremanak eta talde lana bultzatuko dituena, eta hori dena dago aniztasun gelan. Guzti honek albo efektu on batzuk dakartza:

  • Ikasleak ez dira beraien mailaz lotsatzen, libreki eta akatsak egiteko beldurrik gabe hartzen dute hitza gelan.
  • Bakoitzak zailtasunak alde batean dituenez elkarri laguntzeko prest daude ikasleak eta inork ez dio besteari barre edo burlarik egiten.
  • Ikasle bakoitzaren gaitasunak azaleratzen ditu, eta horrek beraien autoestimuan asko laguntzen du. Ordura arte beraien buruaz kontzeptu eskasa zuten ikasleak besteei laguntzeko gai direla konturatzen dira.

Informazio gehiago, hemen.

Erantzun

Sartu