Teknologia albisteak

Crowdfundinga abiatu dute Joseba Sarrionandiaren proiektu berria finantzatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-25 : 17:13

'El que fuma, bebe y canta' liburua kaleratuko nahi dute, udazkenean, Kubako hiru lagunek. Ray Fernandez musikari kubatarraren abestiak izango dira ardatza, Aristides Hernandez, Aresen marrazkiek ilustratuko dute. Hirugarren kubatarra Joseba Sarrionandia da: proiektua antolatzeaz eta hitzaurrea idazteaz arduratu da.

Proiektua hiru artistaren arteko elkarlana da. Hirurek bat egiten dute kaleetan eta bizitzan, hitzetan eta ametsetan, eta elkartu egin dira kresal- eta ron-usaina duen eta ia dantza daitekeen liburu hau egiteko.

Ray Fernández, trobalaria eta, dagoeneko, poeta; Ares, marrazkilaria, irudigilea eta karikaturagilea; eta Joseba Sarrionandia, idazle eta olerkari euskalduna, errefuxiatu politikoa. Hirurak batu dira proiektu honetan, Habanatik aske ibili ohi diren soinuaren, surrealismoaren, itsasoaren eta artearen zati bat hel dakigun.

Urte askoan idatzi eta ezkutatuta egon ostean, 2016an Habanan agertu zen Sarrionandia, uharteko bizitzan nahiko integratua dagoela jakin zelarik. Egun, Habanako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Katedrako burua da.

Liburuaren egileen lagun-talde bat dira proiektua bultzatzen ari dena. Kuban esaten den moduan, lan hau “igande gorri” gisa ari dira egiten, komunitateari begira. Euskal Herrian, auzolana litzateke. Helburua 500 liburu inprimatzea eta Habanara bidaltzea da. Kanpaina bukatutakoan, pare bat hilabete beharko dituzte liburua eta kamisetak inprimatzeko; kopiak Habanara bidaltzeko eta Rayk, Aresek eta Josebak sinatzeko, ostera, denbora apur bat gehiago.

Hemen Verkamin nola lagundu proiektuari.

Erantzun

Sartu