Teknologia albisteak

11/13 Makroepaiketaren inguruko elkartasun webgunea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-23 : 17:53

Presoen eskubideen alde zenbait elkarte eta mugimendutan lan egin duten 47 lagun (tartean 12 abokatu) epaituko dituzte 11/13 sumarioan. ETAk 2011n bere jarduna eten ondoren egindako polizia operazioetan atxilotuak dira guztiak. Informazio webgune bat ireki dute, eta elkartasun bila ere badabiltza, gastuei aurre egiteko.

Euskal presoen inguruko abokatu eta elkarteen aurkako hainbat operazio eta ekinbide judizialen batura da 11/13 sumarioa, 2013ko irailean hasitakoa: hemezortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Herrira-ren kontrako polizia operazioan. Ondoren iritsi ziren bitartekarien (2014ko urtarrila), abokatuen (2015eko urtarrila) eta Etxerat-en eta Jaiki Hadiren (2015eko martxoa) kontrakoak. Denak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak aginduta.

Lehen operazioa egin zutenean, bi urte ziren ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuela iragarri zuenetik. Guztira, aipaturiko operazio horien artean, 2013 eta 2015 bitarte 47 lagun atxilotu zituzten euskal presoen babes taldeetan aritzeagatik. 

Herrira erakundearen kontrako operazioan, Interneten ere eragin handia izan zuen epailearen aginduak: 38 webgune, Twitterreko 32 kontu eta Facebookeko 125 ere itxi zituzten. 

Epaiketara begira fiskalek eskatzen dituzten zigorrak ikaragarriak dira: 11 urte eta 20 urte arteko eskaera pertsonalak dira, batez beste, 12 urte ingurukoak. Guztira 601 bat urte. Zigorrez gain, plataformakoek hainbat gastu aurreikusi zituzten uztailean. Gastu juridikoak eta logistikoak kalkulatuta, guztira 340.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela azaldu zuten: juridikoak, 236.440; garraioarenak, 28.950, eta hiru hilabeteko ostatuarenak, 72.072.

Erantzun

Sartu