Teknologia albisteak

Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-18 : 10:07

Alkate izendapenekin batera agintea hartzerakoan udal batzuetan eta besteetan alkateek darabiltzaten botere sinbolo desberdinak azaleratu dira: aginte-makilak batzuetan, zumeak beste batzuetan eta lantzak gutxi batzuetan, bereziki Durangaldean.

Euskal Herriko udaletan erabiltzen diren aginte-makilak euskal makila arketipikoak izan daitezke batzuetan, baina ez horiek bakarrik; beste era bateko makilak ere izaten dira.

Sakanan, adibidez, balea bizarrez egindako makilak erabili izan dira. Baleontziak egiteko egurra inguruko basoetatik ateratzen zela eta, hortik omen dator konexio sinbolikoa.

Udal batzuetan, Durangaldean bereziki, lantza darabilte udal agintarien ikurtzat. Garai, Iurreta, Izurtza edo Zaldibarren ikusi ahal izan dira historikoki horrelakoak eta erabiltzen dira gaur egun ere alkateen aginte ikur moduan.

Alkatetza batzuen aginte sinboloa, berriz, zumea izan da Euskal Herrian. Zume adar hori luze, zuzen agertu izan da historikoki, makila batekin antzekotasuna izanez, baina gaur egun gehienetan borobilduta ageri da. Aginte onaren balioak biltzen ditu bere baitan zumeak: hautsi ezintasuna eta malgutasuna aldi berean. Neurria ere ematen zuen zumeak, sistema metrikoa indarrean ez zegoenean zumea izaten baitzen lurraren jabetza eta mugari buruzko gatazkak ebazteko erabiltzen zen neurria, eta agintariak izaten zuen neurri hori ematen zuen tresna, zumea, erabilera praktikorako, eta boterearen ikurtzat, biak batera.

Hona bi irudi polit, Garai herrikoak, non txuzoa esaten dioten beraien aginte-makil/lantzari:

Goian, Garaiko alketa 20. mende hasieran, Indalezio Ojangurenen fondoko argazki batean. Behean, Anboto agerkaritik, 2019an osatutako Garaiko udalbatzarra, Erramun Osa alkate berria dagoelarik txuzoari eusten.

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago