Teknologia albisteak

2deo laborategiak egoitza fisikoa ireki du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-03 : 15:23

Atzo ireki zituen ateak 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak, Donostiako Tabakaleran. Sektoreko eragileekin elkarlanean sortu da, eta edukien esperimentazioan jarriko ditu indarrak. Bere helburua euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa handitzea da, sormen testuinguru berriak sustatuz, ekoizpen-eredu eta formatu berrietan esperimentatuz, eta zabalkunde kanalak biderkatuz, betiere sektorea osatzen duten eragileekin elkarlanean eta herritarren partaidetza aktibatuz.

Iban Arantzabal laborategiko zuzendariak hala esan zuen inaugurazioan: "Ikus-entzunezkoen eskaintzak ez du etenik. Esponentzialki handitzen ari da, eta eten barik jarraituko du, nonahi eta noiznahi". Datua ere eman du: 16-24 urte bitarteko gazteek 2,5 ordu egiten dituzte egunero telebista aurrean; garai batean baino gutxiago. Euren ikus-entzunezkoen kontsumoa, aldiz, inoiz baino handiagoa da. Bestelako gailuetan ikusten dituzte edukiak.

Arantzabalek 2deoren lan ildoak ere azaldu zituen: estetika, istorioa, teknologia, eta zabalkundea, bere esanetan.

Donostiako Tabakaleran kokatua dagoen espazio batean hasi da lanean 2deo. Coworking gune bat dago bertan non jada zenbait proiektu ari diren garatzen. Edizio eta bideo-ikuskatze gelak ere badaude, eta "areto publiko" moduko bat, jendartean ikus-entzunezkoak partekatzeko edo ideiak praktikan jartzeko publikoarekin.

 

Erantzun

Sartu