Teknologia albisteak

Klima aldaketaren kontrako nazioarteko greba orokorra deitu du Greta Thunbergek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-05-24 : 18:12

Klima aldaketaren kontrako nazioarteko greba orokorra deitu dute Greta Thunberg aktibistak eta hainbat gazte ekologistek, datorren irailaren 20rako. Ostiraletan greba pertsonal batekin ekin zion bide honi Thunbergek 2018ko abuztuan, eta gaurko jada 114 herrialdetako 1.500 hiritan egingo dute greba milaka ikaslek, “Fridays for Future” ikasle mugimenduak deituta.

Thunbergek hitzaldi ospetsu batean defenditu zuen bere greba pertsonalaren erabakia:

"Abuztuan klaseak hasi zirenean, aski zela erabaki nuen. Parlamentu suediarraren aurrean eseri nintzen, eta eskola greba hasi nuen klimarengatik. Klasera joan beharko nintzatekeela esaten didate, ikasketak eginda zientifiko bihurtu eta “krisialdi klimatikoa konpontzeko”. Baina konponduta dago dagoeneko. Datu eta konponbideak badauzkagu. Esnatu eta aldatu egin behar dugu. Zertarako ikasi existituko ez den etorkizun baterako, inork salbatzen ez duelako? Zertarako ikasi hezkuntza sistematik, sistema barrutik zientziak emandako datu garrantzitsuenei politiko eta gizarteak kasurik egiten ez badie? Batzuk Suedia herrialde txikia dela diote, eta egiten dugunak garrantzirik ez duela, baina haur batzuk munduaren atentzioa eman badute aste batzuez eskolara ez joateagatik, imajinatu zer egiteko gai izango ginatekeen denok batera. Hitzaldiaren amaierara iristen ari gara, non ohikoena itxaropenaz hitz egitea den, eguzki-panelez, energia eolikoz eta ekonomia zirkularraz. Baina ez dut hori egingo. Motibazio eta ideia baikorreko 30 urte izan ditugu dagoeneko. Eta sentitzen dut, baina ez dute balio. Balio izan baldin bazuten, emisioak murriztu izanen zirelako. Eta ez da horrela izan. Noski, itxaropena behar dugula, baina gehien behar duguna ekintzak dira. Ekiten diogularik izango dugu itxaropena. Beraz, itxaropenaren ordez, ekintzak bilatu ditzagun. Horrela bakarrik iritsiko baita itxaropena. Egunero, 100 milioi petrolio upel erabiltzen ditugu. Ez dago hori aldatzeko politikarik. Ez dago petrolio hori ez erabiltzeko araurik. Beraz, ezin dugu mundua aldatu arauak jarraitzen, arauak aldatu behar direlako. Dena aldatu behar da. Eta gaur hasi behar gara."

Eguneraketa: greba deialdiaren datak malgutu dira (irailaren 20 eta 27aren artean bi ekitaldi antolatzeko eskatzen dute), eta webgune bat eratu da: https://globalclimatestrike.net/

Erantzun

Sartu