Ostegunean hasiko dira Bertsolamintza jardunaldiak
"Bertsolamintza" jardunaldiak antolatu ditu Mintzolak 5. aldiz, bertsogintzari hainbat ertzetatik begiratzeko eta horren inguruan solasteko. Maiatzaren 2an Iruñean, maiatzaren 16an Senperen, maiatzaren 22an Bilbon, maiatzaren 23an Gasteizen, eta ekainaren 1ean Amasa-Villabonan izango dira saioak.
Lehenbiziko saioa, ostegun honetan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, 18:30ean, Sustrai Colina eta Amaia Agirrerekin. "Politikoki zuzena denaren eta transgresioaren arteko talka" jorratuko du batak, eta "Saio-formatuen inertziak" besteak.
Sarrera doakoa da, baina izena ematea ezinbestekoa. Iruñekoaren ostetik, maiatzaren 16an Senperen, maiatzaren 22an Bilbon, maiatzaren 23an Gasteizen eta ekainaren 1ean Amasa-Villabonan antolatu ditu jardunaldiak Mintzola Ahozko Lantegiak.
Hauek izango dira jardunaldietako hizpideak:
- Zeri kantatzen diogu eta zeri kantatu nahiko genioke? Zein da gaur egungo errealitatea? Amets Arzallus
- Feminismoa eta bertsogintza, gai-jartzailearen talaiatik. Maite Berriozabal
- Politikoki zuzena denaren eta transgresioaren arteko talka. Sustrai Colina
- Hizkuntza ideologiak bertsolaritzan. Miren Artetxe
- Saio-formatuen inertziak. Amaia Agirre
- Bertsolari gazteek zer berri? Eli Pagola eta Asier Galarza [Bilboko saioan Joanes Illarregi, Maider Arregi eta Jokin Bergara]
- Nola sortzen da bertsogintzari buruzko iritzi publikoa? Xabier Aierdi
Erantzunak kargatzen...