Teknologia albisteak

Spotify-ren ordainpeko harpidedunak 100 milioira iritsi dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-30 : 12:22

Azken urtean %26 igo ondoren, Spotifyk dituen ordainpeko harpidedunak 100 milioira heldu dira dagoeneko. Doako bertsioa darabilten erabiltzaileak erantsiz gero, 217 milioi erabiltzaile izan ditu azken hilabetean streaming bidez musika entzuteko plataformak.

Musika entzuteko plataformen artean izarra da Spotify, zalantzarik gabe. Azken urtean, gainera, aurrekoan baino gehiago hazi da, bere nagusitasuna handituz. 2018ko apiriletik aurtengora %26 igo dira erabiltzaileak. Guztira, azken hilabetean, 217 milioi erabiltzaile izan ditu Spotifyk, horietako 100 milioi ordainpekoak.

Oraindpeko erabiltzaileen igoera, gainera, doako kontua duten erabiltzaileena baino handiagoa izan da (%32), eta horrek erakusten du, Spotifyren arabera, erabiltzaileak prest daudela hileroko kuota bat ordaintzeko, trukean zerbitzu zabal eta kalitatezkoa ematen bazaie. Harpidedunengandik jasotzen dituzten diru-sarrerak ere nabarmen igo dira iaztik, aurten 1.385 milioi euro fakturatu baitituzte, iazko 1.037 milioien ordez.

Hazkunde horren eragileen artean bi zerrendatu dituzte enpresako ordezkariek. Batetik, Spotify Indiara iritsi dela, eta bertako 2 milioi erabiltzaile lortu dituztela. Bestetik, Spotify aurre-instalatuta datorrela hainbat mugikorretan, erabiltzaileak aplikazioa instalatzeko lanik hartu gabe, eta horrek ere asko lagundu dezakeela enpresaren hazkundean. Gainera, Spotifyk lankidetza-harreman berriak ere egin ditu azken hilabeteotan, merkatuan gero eta eremu zabalagoa hartuz.

Spotifyren arrakastaren beste muturra Apple Music da, azkenaldian Spotifyri leiha egin nahian dabilena, baina une honetan 50 milioi harpidedun besterik ez dituena (guztiak ere ordainpekoak, Applek ez duelako doako harpidetzarik).

Erantzun

Sartu