Teknologia albisteak

Azken hilean Norvegian saldutako autoen %58 elektrikoak izan dira, orain arteko marka guztiak hautsiz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-17 : 09:46

Elektriko gehiago "ohikoak" baino gehiago. Marka hori hautsi du martxoan Norvegiak, non saldu diren ibilgailuen erdia baino gehiago elektrikoa izan den (erabat elektrikoak gainera, ez hibridoak). Herrialderik gehienetan oraindik oso urrun gaude datu horietatik, jakina, baina Norvegian gertatu den honek garbi erakusten digu zer izango den etorkizun hurbila. 

Marka historikoa hautsi da azken hilabetean Norvegian. Marka baita azken 100 urteotako merkatua iraultzea. Martxoan Norvegian saldu diren autoen %58 elektrikoa izan da; elektriko gehiago erregai fosil bidezkoak baino. Lehenengoz historian. 

Petroleo ugari duen herrialdea da, gainera,. Norvegia. Eta aberatsa. Hortaz, ez dago arrazoi ekonomiko zuzenik joera honetan. Besterik gabe, erakusten du, Gobernu batek erabaki irmoa hartzen duenean ohiturak aldatzeko, eta horretarako politika zuzen eta eraginkorrak ezartzen dituenean, gizarteak ere aurrera egiten duela. Horixe gertatu baita Norvegian. Aldaketa klimatikoaren aurkako hainbat erabaki hartu dituzte eta horien artean daude ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzak ematea eta erregai fosilak zerga bidez garestitzea. Izan ere, ibilgailu elektrikoa duten gidariek (zero isurketa) ez dute zirkulazio-zergarik ordaintzen, autoa erosteko orduan zerga gutxiago ordaintzen dituzte, autobideetan eta ferrietan gutxiago ordaintzen dute, baita parkinetan ere, eta abar. 

Helburua garbia da: Norvegiak herrialde garbiagoa izan nahi du. Eta horretarako neurri zehatz eta eraginkorrak ezarri ditu. Gainontzeko herrialdeak oso urruti gaude Norvegiak lortutako datuetatik, baina bidea garbia da. Orain, eztabaida eta zalantza politikoak alde batera utzi, eta aldaketa hori samurtuko duten erabakiak hartzeko ordua iritsi zaie gure politikariei. Erregai fosilari ateak itxi behar zaizkio; eta ibilgailu elektrikoak erosten dituzten herritarrei erraztasunak eman jauzi hori lehenbailehen eman dezaten. 

 

...........

Argazkia: elbil.no.

Erantzun

Sartu