Teknologia albisteak

Ibilgailuen abiadura automatikoki mugatuta egongo da 2022. urtetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-09 : 11:22

Akabo azeleragailua zapaldu eta gure autoa 150 km/h edo 180 km/h-ra jartzea; ezta 50eko muga daukaten bideetan bizkorrago joatea ere. Europar Batasunak onartu duen araudi berri baten arabera, 2022. urtetik aurrera ibilgailuen abiadura automatikoki mugatuko da, horretarako GPSa eta kamera bidezko irakurketak erabiliz. Europan gertatzen diren istripurik gehienak abiadura-muga gainditzearren gertatzen dira eta gure errepideetako segurtasuna handitu nahi da.

Europar Batasunak araudi berria onartu berri du eta 2022. urtetik aurrera ibilgailuek sistema automatikoak izan beharko dituzte abiadura maximoak mugatzeko. Horretarako, GPS irakurketak eta bideko seinaleak irakurriko dituzten kamerak izan beharko dituzte ibilgailu guztiek. 

Sistema horiek dagoeneko garatuta daude eta jada erabiltzen dira zenbait ibilgailutan, baina informazio hutsa emateko (ez dute abiadura-maximoa automatikoki mugatzen). 2022tik aurrera, ordez, muga hori ezingo du gainditu gidariak, ezta azeleragailua zapalduta ere. 

Araudi berriak beste neurri teknologiko batzuk ere zehazten ditu, besteak beste, "kutxa beltz" modukoak, gidariaren arreta monitorizatzeko sistemak, bapateko oztopoen aurrean ibilgailua automatikoki frenatzea, eta abar.

Erabaki honek zalaparta pixkat ere sortu du gidari-elkarte batzuen artean, arrisku-egoera batean gidariak ezingo baitu abiadura handitu, eta erabaki nagusiak  Intelligent Speed Adaptation (ISA) horren esku egongo baitira, baina ez dirudi araudiak atzera bueltarik duenik. Azken batean, gidaririk gabeko ibilgailuak gero eta aurreratuago dauden honetan, tarteko erabaki bat besterik ez da, gidaridun ibilgailuak ere, neurri handi batean, sistema automatikoen bidez kudeatze aldera, betiere segurtasuna handitzeko asmoz.

Erantzun

Sartu