Teknologia albisteak

"Arteria Bilgunea" sortu dute, Goierriko sortzaile, erakunde eta herritarren plataforma

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-08 : 10:01

Dar-Dar Produkzioko Asier eta Iker Zinkunegi legorretar anaiek Arteria Sorkuntza Gunearen proiektua garatu dute, «Goierriko sortzaileak bildu eta balioa emateko espazioa» sortzeko helburuarekin. Goierriko sortzaileekin batera, erakundeak, eragileak eta herritarrak Arterian biltzea da asmoa, «elkarren artean loturak saretzea». Artea eta giza eskubideak ditu ardatz proiektuak.

Pausoz pauso ari dira Arteria eraikitzen. Lehenengo fasean –2017an–, Arteria Bilgunea osatu zuten, Goierriko 911 sortzaile, erakunde, gizarte eragile, kultur eragile, gaztetxe, adineko etxe… zerrendatuta. Ikerren esanetan, «orain zerrenda hori eguneratzen ari gara, garrantzitsua baita zerrenda hori ondo egitea plataforman bilaketak ondo egiteko».

Bigarren fasea, Arteria Plataformarena izan da, 2017 eta 2018an egina: www.arteria. eus webgunea. Bertan sortzaileek, erakundeek eta herritarrek dute lekua, «esperientzien sorgune, ezagutzen transmisio gune eta artearen bilaketa gune» baita. Pixkanaka ari dira plataforma edukiz betetzen eta dagoeneko izena eman daiteke. «Artea eta kultura interesatzen zaion edonork eman dezake izena Arterian. Urtean zehar hainbat dinamika sortuko dira eta haien inguruan informazioa jasoko dute».

Arteria Bihotza Goierri

Goierriko sortzaileen bilatzaile aurreratua egokitu dute plataforman eta sortzaileen bilaketaren bat egiten duenak bi aukera izango ditu: zuzenean harremanetan jartzea bilatzaileak emandakoarekin edo Zinkunegi anaiei deitzea bitartekaritza lanak egiteko.

Goierriko sortzaileen artelanen denda jartzea ere aurreikusten dute, eta artelanen zozketak ere egingo dituzte. Martxoaren 8ari keinu eginez, Itsasoko Pott zeramikako Maite Salutregi eta Jone Urainen bi artelan erosi eta zozkatu zituzten Facebook eta Instagram sare sozialez baliatuz.

Bilguneaz eta Plataformaz gain, Arteriak Sorgunea ere izan nahi du, Goierriko sortzaileak bildu, beraien lanari balioa eman eta elkarren arteko elkarlana sustatzeko gune fisikoa.

Arterian izena emanda dauden sortzaileentzako hiru beka

Aurtengo udazkenean proposamen bat aurkeztuko du Arteriak: arte diziplina guztietako Goierriko sortzaileei zuzendutako hiru beka. Parte hartzeko baldintza bat beharko da, Arterian izena emanda egotea. Aurreratu dutenez, «giza eskubideen inguruan dituzten lanak aurkeztu beharko dituzte. Eta Arterian bildu garen guztion artean hiru sortzaile eta hiru sortzaileren lanak aukeratuko ditugu». Beste berezitasun bat ere izango du bekak: «Gizarteko geruza guztiak hartuko ditugu kontuan». Honela, beka bat emakume batek jasoko du; beste bat adimen urritasun, LGTBI eta etorkinen multzoko batek; eta hirugarrena, orokorra izango da. «Hiru pieza horietako bat, gainera, haurrei eskaintzeko modukoa izango da, bestea gazteei eskaintzekoa eta hirugarrena adineko pertsonei eskaintzekoa». Beka jasotzen duten sortzaileek, herriz herri, obra irabazleaz gain, obra hori sortzeko sormen prozesua erakutsiko die herritarrei.

Ikusi hemen: https://arteria.eus/

Izena emateko: https://arteria.eus/batu.html

Albistearen eta argazkiaren iturria:GOIBERRI

 

Erantzun

Sartu