Teknologia albisteak

Wikipedia ikasgelan lantzeko irakasleen gida praktikoa aurkeztu du Ikastolen Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-20 : 12:42

Wikipedia ikasleekin ikasgelan lantzeko irakasleentzako lagungarri izango den gida praktikoa egin du Ikastolen Elkarteak, Euskal Wikilariak Kultura Elkartearekin elkarlanean. Aurkezpenean azaldu zutenez, Wikipedian sarrerak eginez, “aukera ematen digu gure ikasleen konpetentzia digitala areagotzeko, eta bertan sarrerak ekoitziz, bai Wikipedian zein Txikipedian, gure ikasleek alor desberdinak uztartuta proiektu batean murgiltzeko aukera dute. Ez hori bakarrik, irakasleen arteko elkarlana ere sustatzen du”.

Beste hizkuntzetan dauden edukiak euskarara ekarriz, edota Euskal Herriko gaiak euskaraz landuz, “gure hizkuntzari ere ekarpena egiten diogu, eta Euskal Wikilariekin elkarlanean arituz, gure gizarteko beste eragileekin proiektuak aurrera ateratzeko aukera ere ematen digu”. “Azken batean, proiektu honen bitartez, gure ikasleekiko, euskararekiko eta gizartearekiko ditugun konpromisoak berresten ditugu”.

Wikipediarekin ikastolek hartutako lehenbiziko konpromisoa izan da gida praktiko hau egitea, baina hurrengo hilabeteetarako beste konpromiso batzuk ere hartu dituzte.

  • Lehenbiziko konpromisoa da ikastoletatik alor desberdinetan ekoizpenak egingo dituztela Wikipedian nahiz Txikipedian.
  • Hartu duten bigarren konpromisoa da, heldu den ikasturtean Batxilerrerako unitate bat prestatzea, adin horretako ikasleak Wikipedia eta Txikipedia elikatzen joan daitezen.
  • Ekain honetan, berriz, pilotaje bat martxan jarriko dute ikastola batean, Lazkaoko San Beniton, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, Wikipediaren ezagutzan sakontzeko eta nahi duten ikasleek Txikipedian sarrerak egiteko.
  • Azkenik, hori guztiori aurrera eramateko, ikastoletako irakasleak ere prestatuko dituzte berariazko formazio saioen bitartez.

Informazio gehiago, hemen eta gida bera, PDF formatuan.

Erantzun

Sartu