Teknologia albisteak

‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko konferentzia Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-01 : 07:45

‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko konferentzia egingo da Donostian aste honetan, apirilaren 5etik 7ra arte. Mundu osoko 50 herrialde ezberdinetako 130 pertsonek parte hartuko dute ekitaldi honen inguruan antolatuko diren 50 jarduera baino gehiagotan. Mintzaldi eta ekimen horien ardatza Wikipediaren eta hezkuntzaren arteko lotura izango da. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak antolatu du konferentzia, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Donostiako Udaleko udalbatza aretoan jarriko da abian nazioarteko konferentzia, apirilaren 5ean. Han egingo da harrera ekitaldia eta bertan parte hartuko du hezkuntza gaietan aditua den Mary Burnsek (18.45etik aurrera). Mary Burnsek 100 argitalpen baino gehiago plazaratu ditu, eta munduko kontinente guztietan lan egin du hezkuntza curriculumen garapenean. Irakasleen formakuntzan eta hezkuntzaren erronka berrien inguruan aditua da.

Larunbatean izango da biltzarraren egun nagusia, eta Katherine Maher Wikimedia Fundazioko zuzendari exekutiboaren eskutik hasiko da jardunaldia. Wikimedia mugimenduan hezkuntzak duen garrantziaz hitz egingo du Maherrek. Hitzaldia, eguneko gainontzeko ekitaldi guztiak bezala, Tabakalera eraikinean izango da.

Mintzaldi horren ostean, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak eta posterren erakusketa bat antolatu dira. Tabakalerako 4. pisuan izango dira jarduera horiek, lau eremu ezberdinetan banaturik.

Igandean amaiera emango zaio asteburu osoko egitarauari. Goizean Wikimedia 2030 estrategian hezkuntzak izango duen protagonismoari buruz eztabaidatzeko aukera izango da, eta, ondoren, bertaratutakoek lau eremu ezberdinetan ikasi eta eztabaidatzeko aukera izango dute berriz ere. Biltzarraren egitaraua hemen kontsulta daiteke.

Konferentziari amaiera emateko, igande arratsaldean partehartzaileak Milafrangara joango dira, Korrikako 749. kilometroan parte hartzera.

Erantzun

Sartu