Teknologia albisteak

Crowdfunding 7 Katu gaztetxearentzat, Itsulapikoa plataforman

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-04 : 12:13

7 Katu gaztetxea Bilboko Alde Zaharreko gune okupatu eta autogestionatua da. 12 urte daroaz irekita, baina konponketak behar ditu lokalak, bereziki hezetasunen ondorioz. Hortaz, obra abiatu dute, eta jendearen ekarpena eskatzen ari dira Itsulapikoa izeneko crowdfunding aplikazioaren bitartez, non egin beharrekoak eta finantziazio bideak gardentasunez adierazten dituzten.

Deialdi honen berri jakiteak balio izan digu Itsulapikoa proiektua ezagutzeko, euskarazko Crowdfunding plataforma berria. Askoren auzolanean dirua biltzeko ekimenaren esaten zaio crowdfunding, eta halako ekimen batzuk ikusi izan dira euskaraz. Karena izenekoa sortu zen 2014an (baina jada desagertua dago). Goteo.org proiektu elebidun bezala ere sortu zen, baina gaur egunean bertako proiektu gehienak gaztelaniaz daude azalduta.

Itsulapikoari dagokionez, honela azaltzen dute euren jarduna: " Euskal Herriari begira egindako plataforma da. Horrek abantaila batzuk ditu. Alde batetik, proiektuen hurbiltasunak eragin dezakeen atxikimendua. Eta bestetik, Euskal Herri mailako erreferentzia komunikatibo bat izanen da itsulapikoa.eus, Euskal Herriko proiektu herritarren erakusleiho bat, horrek proiektuen hedapena asko erraztuko du, noski. Adibide bat jartzearren, une jakin batean norbait proiektu bati ekarpen bat egiteko asmoz plataformara sartuz gero, uste dugu gertatuko dela antzeko edo hurbileko edo interesa dakiokeen beste proiektu batzuk ere aurkitzea, eta horiei ekarpena egiteko edo gutxienean kanpaina horren zabalpena egiteko aukerak handiagoak direla".

Bertatik finantzatzen saiatu daitezkeen proiektuak honela definitzen dituzte: "Euskal Herriko testuinguruan eta herri ikuspegi batetik ekarpen sozial, kultural, linguistiko, ekonomikoa egin nahi duen orok jar dezake bere proiektua itsulapikoa.eus plataforman".

Behin proiektu bat publikatuta, crowdfundingak 40 egun izanen ditu finkatu duen diru kopurua biltzeko. Momentu horretatik aurrera, eta 40 egun horietan zehar, edozein pertsonak zein taldek bere ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izanen du, erabiltzaile bat eginez eta bankuko txartel bidez ordainketa eginez

Erantzun

Sartu