Teknologia albisteak

GITB Goierreko telebistak 15 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-02-14 : 14:12

Duela egun batzuk, hamabost urte bete zituen GITB Goierri Irrati Telebistak. Digitalizazioan erabat murgilduta, ikus-entzunezko baliabide guztietara heltzea du orain erronka.

Telebistaren digitalizazioaz artean inork hitz egiten ez zuenean, zuntz bidez zabaldu zituen lehenengo irudiak Goierri Telebistak, 2003ko irailean. Euskaltel hasi berria zen kabletik telebista eskaintzen, eta haren plataformatik azaldu zuen burua, lehenengo aldiz. 2004ko urtarrilaren 7an, berriz, Usurbeko antenatik uhin analogiko bidez Goierrira zabaldu zen. Benetako jaiotzatzat bigarren hori har daiteke. 15 urte bete ditu emisioak, beraz.  

Beste eskualdeetara zabaltzea izan zen hurrengo urratsa. 2007an, Tolosaldeko 28 Kanala eta Urola Kostako Erlo Telebista sortu zituzten. Hiru kateak kudeatzeko, Infosare komunikazio taldea ere eratu zuten.

Hurrengo erronka handia 2009an iritsi zen, LTD Lurreko Telebista Digitala berrantolatzeko lege-eskakizuna iritsi zenean. Lizentzia lortu, eta digitalki emititzeko birmoldaketa sakona burutu zuen Goierri Telebistak.

Artxiboa digitalizatzen ere hartu dure lana, zinta analogikoetan grabatuta zegoen ikus-entzunezko edukia digitalizatzea izan da Goierri Irrati Telebistak 15. urtebetetzean bere buruari egin dion «oparia». Albistegien 400 zinta (7.000 albiste) eta kirolen 150 euskarri digitalera pasatu dituzte: 550 bat ordu, guztira. Saio berezien beste 200 zintarekin gauza bera egiteko asmoa dute.

Erantzun

Sartu