Teknologia albisteak

Loraldia Festibalaren 5. edizioa: Bilbo kultur sormenaren plaza webgune berrituarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-02-27 : 17:03

Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa martxoaren 12a eta apirilaren 7a bitartean ospatuko da. Edizio honetako lema, Sentikariz blai! izango da. 22 egunetan, diziplina artistiko guztiak, bost produkzio berri eta erabateko estreinaldiak eskainiko ditu. Bilboko 12 gune euskal kulturaren plaza bilakatuko dira. Festibalaren antolatzaileen helburuen artean: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatu, proposamen berritzaileak plazaratzeko. Nobedadeen artean, webgune berritua du jaialdiak, CodeSyntax-ek garatua eta diseinatua (PC zein mugikorretarako).

Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa, Sentikariz blai! lema pean aurkeztu da. Loraldia Festibalaren edizio honen aurkezpena egiteko antolatzaileek formatu berritzailea erabili izan dute eta Bilboko tranbian egin dute. Tranbiak ibilbidea burutzen zuen bitartean, Ane Pikaza aurkezleak Loraldiaren programazioaren gakoak kontatu dizkie bertaratutakoei.

Loraldia Festibaleko bosgarren edizioak euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan. Oraingoan, Sarrionandia eta Artze, besteak beste.
Loraldia Elkartearen helburu estrategikoekin bat eginez, festibalak euskal sortzaile eta produkzioak sustatu nahi ditu eta horretarako produkzio propioak sortzen ditu, Loraldia Festibalaren ondoren Euskal Herrian zehar biran has dezaten. Horrela, publiko berri eta anitzetara zabaldu nahi du kultura eta biztanleria euskal eta euskaraz sortzen den kulturara hurbildu. Eta lan honetan, memoria berreskuratu, iturri zaharretik edan eta ikasi eta proposamen berritzaileak sortzea du asmo.

Loraldiaren aurtengo edizioa martxoaren 12an hasiko da, Sarrionandia protagonista izango dugula: Iñigo Aranbarri idazleak Sarrionandiaren literaturaren ezaugarriak azalduko ditu hitzaldi batean. Hau martxoaren 15ean burutuko den Kalaportu ikuskizunaren abiapuntua izango da eta ikuskari hau hobeto ulertzeko gakoak ezagutuko ditugu.

Egun honetatik eta apirilaren 7ra arte Bilbo eta Loraldia Festibala kultur sormenaren plaza bilakatuko dira 22 egunetan zehar. 30 kultur hitzordu biltzen ditu Loraldia Festibaleko bosgarren edizio honetako egitarauak. Aurten diziplina artistiko guztiek lekua izango dute, formatu berritzaileak eta lau ekoizpen propio eta estreinaldi handiak izango ditu festibalak. Guztira, ia 200 artistek parte hartuko dute jaialdi honetan.

Bosgarren edizio honetan esan genezake Loraldia Festibala sendotu eta errotuta dagoela: sortzaileak nabarmendu eta ikusgarri jarriko ditugu beste behin ere; Loraldia Elkarteak produkzio berriak sortu ditu; eta sormen eta produkzio horiek sustatu eta ahalik eta hedatze handiena lor dezaten akordio interesgarriak lotu dira.

Bilboko hamabi gune ezberdinetan garatuko da Loraldia Festibala: Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Bilboko Itsas adarra Itsas Museoa, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa, Bidebarrieta Liburutegia, Golem Alhondiga, Campos Antzokia, Bilborock, Bira! Kultura Bilbao, eta Elkar dendak.

Webgune berritua

Loraldia.eus webgunea berritzeko lanaz gain, jaialdiaren babesle laguntzailea izateko gonbita jaso zuen CodeSyntax-ek, eta hor daude, babesleen zerrendan, hainbat erakunde eta enpresarekin batera.

Loraldia produkzio eta ikuskizun original eta askotan bakanekin eratzen den festibala da. 30 ekintza izango dira, 22 egunetan, martxoaren 12an hasita eta apirilaren 7a arte. Bilboko hainbat aretotan izango dira ekitaldiok. Sarrerak salgai daude jada, baina kontuan izan Lorazain edo laguntzaile izanda, merkeago izango dituzula.

Ekintza horietarik batzuk Loraldiak berak ekoizten ditu, adibidez bi euskal pertsonaia historikoren inguruan aurten antolatuak: Antton Abbadia eta Elkanoren mundubira. Gainera, eskoletarako programa bat ere badaukate, Bilboko jarduerez gain ikastetxez ikastetxe mugitzen direnak ere badaude eta.

Bisitatu Loraldia.eus webgunea eta jarraitu festibalaren berri Instagram, Twitter eta Facebook-en.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago