Blogari baten ekarpenetik, hausnarketa interesgarri bat: autoak nagusi diren ingurune urbano estu batean ere merezi du bizikletaz ibiltzea. Eta bereziki, bizikleta elektrikoa bentaja handia da. Kontuan hartu kotxearen ordez bizikletan egiten dugun kilometro bakoitzeko gizarteari Euro bat aurrezten diogula. Kalkulua hau eginda dago azpiegiturak, zerbitzuak, osasunari kalteak eta abar kontutan hartuta.
Blogariaren adibideko esperientzia Eibarkoa da: herri estua, autoz betea eta kale eta aldapa konplikatuz betea. Hala ere, ondorio onak atera ditu:
- Atasko amaiezinetan kotxe artean pasatzen naiz eta trafiko gutxi dagoenean abiadura ederrean jeisten ditut Bidebarrieta, Karmen eta Barrena kaleak.
- Bizikleta etxean gordetzen dudanez ez dut aparkatzeko buruhausterik izaten.
- Autoa baino azkarragoa da, hori zalantzarik gabe, eta sarritan motorra bezain azkarra.
- Nire bizikleta elektrikoa izatean aldapekin ez dut arazo handirik, baina imajinatu izan dut Urki, Amaña edo Ipuruara igotzeko ez nukeela arazo handirik izango ere, herriko "eskailera mekaniko sare txit ohoragarria" erabiliz.
- Uste nuena baino arrisku gutxiago dago. Hori bai, espazioa hartu beharra dago eta legediak agintzen duen bezala errepidearen erdi-erditik joatea aholkatzen dut, albotik ateratzen diren ateak, pertsonak edo beste ibilgailuekin arazorik ez izateko.
- Euriaren arazoa ez dut ondo bideratu oraindik. Txamarra eta praka onak erosita ditut, baina hala ere ez da batere atsegina oinak bustita lanera iristea. Egia da egun euritsu batzuetan ere ibiltzen naizela, zerura begiratu eta ateri uneak aprobetxatuz, baina euri asko emanda badago eta aurrez antolatzerik badut, autobusa edo/eta oinez joatea da alternatiba onena.
Bizikleta elektrikoa bentaja handia da
- Une askotan motorraren pare ibiltzen naiz, ez du puntako abiadurarik, baina kotxeen artean gelditu eta berriz martxa hartu eta uzten duten bitarteetik pasatzeko oso erosoa da.
- Inbertsiotxoa bada (1500-2000 Eurotik hasita) baina kotxea gutxiago erabiltzen dudanez iruditzen zait ekonomikoki ere merezi duela. Zer esanik ez bizi kaliteari begira, goiz eguzkitsu batean bizikletan joatearen plazera edo ostiral batean etxera itzultzearena. Eta motorrak ez bezala, ez dago segururik eta gasolinarik ordaindu behar! Konponketa mekanikoak ere, askoz merkeagoak noski.
- Ez da kirol gehiegi egiten. Pentsatzen baduzu kontua kirol moduan hartzea, ez erosi elektrikorik, baina dutxatzeko modua aurreikusi! Eibarren aldapak ditugu.
Gehiago jakiteko, hemen.
Erantzun
Sartu