Teknologia albisteak

Elhuyar hiztegien aplikazio berritua mugikorretarako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-02-06 : 14:46

Hizkuntza-datuak eta sistema eguneratu dituzte Elhuyar hiztegien aplikazio mugikor berrituetan. Online/offline kontsultatu daiteke; eta hiru hizkuntza-bikote daude: eu-es/eu-fr/eu-en. Doan deskargatzeko prest dago GooglePlayn (Android mugikorretarako) eta AppStoren (iOS mugikorretarako).

Elhuyarren hiztegi orokor elebidunen webguneak (hiztegiak.elhuyar.eus) gero eta erabiltzaile gehiago ditu, eta gero eta kontsulta gehiagori erantzuteko berritu egin dute hiztegien aplikazioa, bai edukietan, bai kontsulta-sisteman. Dagoeneko, deskargatzeko moduan dago aplikazio berritua, GooglePlayn (Android mugikorretarako) eta AppStoren (iOS mugikorretarako).

Aplikazioan Elhuyarren euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegiak kontsultatu daitezke, bi noranzkotan, online edo offline.

Kontsultak online egiten baditugu, Interneten une horretan dauden hiztegien azken bertsioetako datuak bistaratuko dizkigu aplikazioak. Interneterako konexiorik ez badugu, berriz, offlineko modua aktiba dezakegu, eta hiztegiak.elhuyar.euseko 2018ko abenduko datuetan egingo dugu kontsulta.

Aplikazio berean, Elhuyarren hiru hiztegi elebidunak kontsultatu daitezke, eta erabiltzaileak noiznahi alda dezake kontsulta-hiztegia menu nagusian.

Euskal hitzek gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez dituzten ordainak (eta alderantziz) kontsultatzeaz gain, hitzak nola ahoskatzen diren entzun dezakegu aplikazioan. Gainera, bilatutako hitzen historiala gordetzen du, eta gogoko ditugun hitzen zerrenda osatzeko aukera ematen digu.

Bertsio berrian, gainera, bilaketa-laukia ikusgai dago beti. Bata bestearen jarraian bilaketa bat baino gehiago egin behar baditugu, hitzak txandaka laukian idatzi besterik ez dugu egin behar.

Bestalde, hasierako pantailako «Elhuyar» logoaren azpian dagoen testuan klik eginda, hiztegiak buelta ematen du, eta kontsultaren hizkuntza-noranzkoa erraz-erraz alda dezakegu.

Erantzun

Sartu