Teknologia albisteak

Ez zen robot errusiarra, baizik eta turkiar mekanikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-12-18 : 11:13

Errusiako azoka teknologiko batean erakutsitako robot bat ez zen egiazki robota, baizik eta "turkiar mekaniko" bat. Hau da, pertsona bat zegoen barruan eta robota jantzia besterik ez zen.

Rossia 24 telebista kateko albistegietan albiste teknologiko azpimarragarri gisa aurkeztu zuten robotaren agerpena:



Errusiako Jaroslavl hiriko Proiektor izeneko topaketa batean gertatu zen robotaren agerpena. Nonbait, Errusiako hezkuntza erakundeentzako erakustazoka moduko bat zen, eta nonbait enpresa edo hezkuntza-erakunderen batek bere robotika atala sustatu nahi izan zuen. Nahita edo nahi barik, robotarena show hutsa zela abisatzea ez zitzaien okurritu.

Zibernetika aurreratua barik, hemen gertatu dena "turko mekanikoarena" da. 18. mendean Europan zehar erakustaldiak egin zituen "makina" bat izan zen Schachtürke edo Xake-Turkiar delakoa.

Bere sustatzaileen arabera automatoia zen, berez zebilen makina, hala nola pianola bat, programatutako kode batzuen arabera musika jo dezakeen gailua. Baina pianola benetako automatoia den bezala, turkiar mekanikoa ez zen berez mugimenduak egiteko gauza, are gutxiago xakean jokatzeko adimentsua.


Turkiar kopinak oinarri gisa erabiltzen zuen mahaian gizon bat zegoen ezkutatua, eta mekanikoki goikoaren eskuak mugi zitzakeen, mugimenduak eragiteko taulan. Horixe zen kontua.

Errusiako robotaren barruan ere, gizon bat zegoen, horixe izan da dena, albiste honek ingelesez kontatzen duen bezala.



Turkiar Mekanikoari dagokionez, kontzeptua Amazon enpresak berreskuratu zuen duela urte batzuk, gizakien bidez jarduera mekanizatuak garatzeko. Hau da, milaka lantxo mekaniko egin behar den garaian, lana gizakien artean banatzen du Mechanical Turk sistemak izena eman dutenen artean (egiteko txiki bakoitzeko zentimo batzuk irabazten dira), eta horrela bolumen handiko lanak egin daitezke. Adibidez, adimen artifizialeko sistema batek katuak eta txakurrak argazkietan desberdindu ditzan, demagun 20.000 argazki egoki etiketatuak behar dituela, non gizakiek baieztatu duten 10.000tan katuak daudela, eta beste 10.000tan txakurrak. Lehen datubase gizakiek zertifikatu hori egiteko erabil daiteke Amazonen turko mekanikoa.

Erantzun

Sartu