Teknologia albisteak

Markos Gimeno artista ermuarra hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-12-10 : 11:46

Markos Gimeno Vesga artista noranahikoa eta hitzperimentu sortzailea hil egin zen joan den ostiralean, abenduaren 7an. Sormenerako gaitasun handiko gizona izan zen. Ingurukoak alaitu, entretenitu eta pentsatzen jartzeko dohaina zeukan, baina depresioak ere jotzen zuen tarteka, eta 44 urterekin, bere buruaz beste egin zuen Eibarren.

Markos Gimeno Vesga Ermuan jaio zen 1974an. Euskarazko #hitzokei hitz jokoa asmatu zuen Twitterren, eta Sustatun ere kolaboratu izan zuen. @Zerorajasoa izan da azken urteetan Twitterren erabili izan duen erabiltzaile izena, lehenago @Markosgive eta @smuakr ere izan zen.

Twiterreko formatua oso ondo zetorkion beste afizio baterako: palindromoak. Euskaraz zein erdaraz sortzen zituen hauek, baina blogean palindromo jokoak nagusiki euskaraz argitaratzen zituen.

-Aieru, gaua luza! Zeu ta ni, milenialok, eztiago gara.
-Gogaitzeko lain. Eliminatu ezazu lau agure ia.

Asmo didaktikoz, hauek nola sortu ere pistak eman zizkigun. Hil aurretik programatua utzi zituen batzuk, dirudienez; gaur argitaratu da bat, eta baliteke gehiago etortzea oraindik.

Hizkuntzaren jokoen (hitzperimentuen) maisu izateaz gain, antzerkilaria eta musikaria ere bazen Markos Gimeno. Antzerkian Skizopoziks izeneko bakarkako ikuskizuna sortu zuen, hitz berberak hizkuntza bitan nola jokatu eta ahoska zitekeen erakusten zuen formatu txikiko ikuskari harrigarri bat zen.

Juanma Rodriguez lagun aktorearekin Hipo y Condrias eta Macho-maris ikuskizunak edo bikote artistikoak sortu zituen. Lan horietan ere, hizkuntzarekin jolasak ziren gakoak, ikus bideo honetan gaztelaniaz nola ari diren Afrikako izenekin:

Musikan, Ermuko taldeetan jardun zuen batik bat. Baxujolea izan zen The Pepes bere lehen taldean, gero Julio Kageta taldearen azken formazioan, Dantzut-en, eta azkenik, PAM edo Puto Amoak Matematiketan taldean.

Markos Gimenori agurra asteburuan eman zaio, baina omenaldiko kontzertua eta ekitaldia antolatu dute lagunek hurrengo larunbaterako, hilaren 15erako. Ermuko Valdespina parkean izango da ekitaldia 18.00etan, baina baliteke aldaketak izatea euria gertatzen bada.

Zer, ugerra? Bizi barregurez! ;)

Erantzun

Sartu