Teknologia albisteak

Giza-estatua handiena inauguratu da Indian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-11-27 : 12:52

Azaroan inauguratu da Indian "Batasunaren Estatua", gizaki baten irudia duen munduko estatuarik altuena. 182 metro garai da, Bilboko Iberdrola Dorrea baino 17 metro garaiagoa. Baina daogen plataforma-eraikina kontuan hartuta, 240 metroko garaieraraino altxatzen da zorutik.

Indiako mendebaldeko Gujarat estatuan dago irudi erraldoia. Ibaia baten ondoan kokatua, tamainaren perspektibarik gabe, ematen du gizon bat dela putzutxo baten ondoan...

Vallabhbhai Patel edo Sardar Patel izeneko politikari indiarra da irudian agertzen dena. Indiako independentzia mugimenduan inportantzia handia izan zuen politikaria izan zen, nahiz eta atzerrian ez izan Gandhi edo Nehru bezain ezaguna. Gandhi bezala Patel gujaratiarra zen, eta bere ekarpen nagusia izan zen Indiako lehen barne-ministro eta lehen ministro-orde bezala, independentziara ekartzea India osatzen zuten hainbat printzerri. Izan ere, 1947an India britainiarra zatitu eta bi estatutan bilakatu zenean (India nagusiki hindua eta Pakistan musulmana), teorikoki britainiar agintetik kanpo zeuden zenbait egitura subirano zeuden Indian, printzerri direlakoak, zenbait dinastiaren kontrolpeko lurralde nolabait autonomoak.

Estatu horietako batzuek independentzia propioa garatu nahi izan zuten, baina Sardar Patelen politikak, kasu batzuetan militarrak, denak ekarri zituen Indiako errepublika berriaren baitara, kasu batzuetan militarki eta indarrez ere bai, hala nola Hyderabad estatuaren inbasioarekin. Horregatik, Indiaren independentziaren sinbolo baino gehiago, bere batasunarena da Sardar, eta hortik estatuaren izen ofiziala.

Munduko estatua altuenen zerrendan, handienak nahiko berriak dira, 21. mendekoak eta ia gehienak Asian kokatuak. Estatua honen odnoren, bi Buda erraldoi daude, bat Txinan eta beste bat Brimanian. Sailkapen orokorrean atzerago dagoen bat, 68.a, gure arreta bereziki erakarri duen beste bat dago_ Mongoliako hiriburan dago, 40 metroko garaiera du, eta Gengis Khan lider mongola agertzen da zaldi gainean.

 

Bi irudi izateaz gain, biak zilar kolorezkoak, barrutik sartu eta estatua gainera igo zaitezke, Gengis Khanen brageta edo zirritu paretik irten eta zaldiaren buru gaineraino ibil zaitezke.

Horra irudiko konparaketan munduko lehen bi estatua erraldoiak, beste irudi ezagun batzuekin alderatuta. Hirugarrena, noski, Askatasunaren Estatua da, New York hiriko sinboloa. Laugarrena agian ez zaizue oso ezaguna, baina Europako estatua erraldoiena da, Volgogrado hiriko monumentu sobietarra da, 1967koa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago