Teknologia albisteak

Euskal Herri imaginarioak mapa asmatuetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-11-26 : 10:06

ImaginaryMaps Reddit-eko komunitate bat da asmatutako mapak eta geografia irudimenezkoak marrazten dituena. Batzuetan, geografia guztiz asmatuak dira, baina beste batzuetan, egungo kontinenteetan historia alternatiboak edo etorkizun posibleak marraztetik sortzen dira mapak, eta horietako askotan euskal estatu edo egitura bitxiak ikusten dira tarteka.

Hemen ukronia pare bat, adibidez:

Batzuetan, mapa hauek azalpen historiko pseudo-logiko batzuekin hornitzen dituzte egileek. Mapa honetan, auskalo ze etorkizun apokaliptiko deskribatzen den, baina azkenean Europan euskaldunak dira geratzen den nazio gutxietako bat. 2078.ko etorkizun honetan ere euskal estatu handi samar bat ageri da, nahiz eta itxura batean ez den Nafarroa hegoalderaino iristen.

Beste honetan, Iberiako gerra imaginario batzuk deskribatzen dira nolabait: oso ondo marraztua, baina Trebiñu gaztelarra hor ere anakronikoa iruditzen zaigu. Mapa estilistiko bikaina aurrekoa; beste batzuk ez dira hain txuloak, eta ulergaitzak ere badira: guztiarekin, Europako Teokrazien mapa honetan Euskal Kalifato asturiarra eta Pirinioko Sultanatoa hor izatea eskertzen dugu bihotzez; euskal estatu baten ordez, bi.

Geografia asmatuen kasuan, Tolkienen Lur Ertaina bezalako kontinenteak asmatzen dituztenak daude. Horien artean, euskal erresonantziazko Atlantida bat asmatu duen bat ere aurkitu dugu: Lurberria, Atlantikoaren erdian kokatutako uhartediren bat da, hiztegitik ateratako euskal izenekin markatutako toponimia batekin (Jauregia da hiriburua, eta Bakea, Edertasuna edo Amaieraraino bezalako izenekin dotoretua).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago