Teknologia albisteak

Carlsen-Caruana partidak zuzenean jarraitzeko aukera bikoitza (doan ala ordainduta)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-11-09 : 08:50

Londresen hasiko da gaur Magnus Carlsen egungo txapeldun norvegiarraren eta Fabiano Caruana estatubatuarraren arteko Munduko Xake Txapelketa. Zuzenean jarraitzeko, telebista erretransmisioa ordainpekoa da, baina zuzeneko jokaldi-jarraipena ere egin ahal izango da, kasu horretan doan. Teknologia eta copyright eskubideak nahasten diren kasu bitxi eta interesgarria ere badago kasu honetan.

Nazioarteko FIDE xake federazioak enpresa pribatu baten esku utzita ditu Munduko Txapelketen antolakuntza, 2012-2021 tartean. Agon du izena enpresa horrek, eta txapelketaren ustiaketa ekonomikoa ere egiten du Agonek, beraz, eta irabaziak lortzeko bideetako bat da telebista erretransmisioa. Munduan, eskubide horiek erosita ditu Norvegiako telebista publikoak eta han zuzenean eta irekian emango dituzte beren idolo Carlsenen partidak, baina gainerakoan, ordainpeko sistema bat egongo da.

Agon-ek antolatu duena zera da: Worldchess.com webgunearen bidez, 20 dolarreko pasea erosi, eta bertatik jarraitu ahal izango dituzu partidak zuzenean. Ordenagailuko edo mugikorreko irudia telebistara bidaltzeko sistema osagarriekin lotu ahal izango da hori, noski, adibidez Chromecast bidez etxeko telebistan ikusteko.

Zuzeneko emanaldi honek, Londresko Holborn aretoaren irudiak izango ditu, jokalariak ikusiko ditugu, errealizazioa egongo da, partidaren grafiko etengabea ere bai noski, eta iruzkingile aditu ofizialak ere bai, seguruenik Judit Polgar adibidez, beste batzuekin.

Baina 20 dolar horiek ordaindu gabe ere jarraitu ahal izango dira partidak. Chess24.com edo Chess.com bezalako webguneen bitartez, adibidez.

Nola? Tira, zuzeneko irudirik ez da egongo, Carlsen eta Caruanaren lehen planoak ez ditugu ikusiko, baina nola jokaldiak kanal anitzetatik ezagunak izango diren, partidako taularen irudi grafiko bat erakutsiko dute: mugimendu bakoitza segundu gutxi batzuetako atzerapenarekin gauzatuko da, eta horren gainean aditu propioak izango dituzte iruzkinak egiten. Honen gakoa zera da: Ba ote du eskubiderik Agon antolatzaileak mugimendu zehatzen jakinarazpenaren gainean copyright-a izateko? Horra, Espainiako auzitegi goreneko buru argiek pentsatzeko moduko gauza bat...

Itsatsi dugun irudia Chess24.com-eko zuzeneko emanaldi batena da. Pantaila irudia ezkerretan, eta eskumatan, txat alor bat behean eta goian Youtubeko zuzeneko bat iruzkinak egiten dituena jokaldien gainean.

Informazio gehiago, Josu Tornayk Berrian.

Erantzun

Sartu