Indonesiako Borneo uharteko kobazulo batean aurkitu dute orain arte ezagutzen den labar-arteko irudi figuratibo zaharrenak izan daitezkeenak, duela 40.000 urtekoak. Arte figuratiboa garai bertsuan agertu zen Europan zein munduaren beste puntan, dirudienez. Europako garai bereko aztarnen artean, Vogelherd leize alemaneko bolizko figurak daude, eta baita aztarna posible bat Euskal Herrian (datatzea ez da guztiz ziurra, baina duela 39.000 urtekoa izan daiteke), Altxerriko leizeko animalia multzo bat.
Gizakiak egindako marrazketa zaharragoak aurkitu izan dira, baita duela 70.000 urtekoak ere, baina marra eta lerro geometriko edo ez figuratiboak dira. Baina Borneoko irudi hauetan, horma batean dauden zenbait margoren artean, bat zehazki besteak baino zaharragoa litkeeela ondorioztatu dute Nature aldizkariko artikulu batean. Itsatsitako irudi konposatuan, ezkerretan behean dagoen animalia litzateke. Australiako Queensland estatuko Griffith unibertsitateak gidatu du ikerketa.
Homo sapiens modernoak Afrikan garatu ziren duela 200 mila eta 100 mila urte artean, dirudienez, baina ez dago aztarnarik (ez da aurkitu), lehen sapiens haiek arterik sortu izan zutenik. Afrikatik Eurasiara hedatzen hasi zen sapìens duela 80 mila edo 70 mila urte inguru, eta hego-ekialdeko Asiara, Borneo dagoen tokira, oso azkar iritsi zirela uste da. Hain zuzen ere, oraingo uharteak, orduko glaziazio garaian, kontinentera lotutako Sunda izeneko eskualde batean zeuden.
Inguru horretatik Australiara ere oso goiz igaro ziren gizakiak, eta ikerketa berri batek hain zuzen ere bide horiek marraztu ditu berriki.
Bide posibleena, hain zuzen, Borneotik igarotzen dela ematen du, eta gizakiak Ginea Berria eta Australiak osatzen zuten Sahul super-uhartera duela 65.000 urte igaro zirela ematen du.
Gizakien zabalkunde azkarraren aztarnak argiak izan arren, sapiens haien arte adierazpenak era berean zabaldu zirenik ez dago argi. Bai ordea, bitxia bada ere, Europan zein Borneon aldi berean artea sortu zelako aztarnak, duela 40.000 urte inguru.
"Arte labar"? Serio ari zara? Hiztegian begiratu nuen azken aldian, "labar" izena zen, ez adjektiboa.