Teknologia albisteak

Kotxeetan ere, publizitate salmenta bideratzeko "datuak" izango gara

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-25 : 09:21

Ezaguna da esaldia Facebook-en geu, erabiltzaileok, garela produktua, eta produktu hori publizitate kanpainei saltzen duela Facebook-ek, estatistika eta target zehatz-zehatzei esker. Ba gauza bera gerta daiteke kotxeekin. Eta hasi da prozesua jada: General Motors-ek 3 hilabetez sekretuen kontrolatu zituen 90.000 autotako gidariak, nork non zein irrati entzuten zuen, lan prospektiboak egiteko.

2017an hiru hilabetez bildu zituzten datuak GM-koek, eta emaitzak aurten aurkeztu dituzte, xalo-xalo, AEBetako publizitate erakunde bateko biltzarrean, Association of National Advertisers delakoari emandako hitzaldi batean. Informazio gehiago: BoingBoing / The Verge.

GM-ko eraldaketa digitaleko buru Saejkin Park-ek azaldutakoaren arabera, datu geografikoak eta irrati aukerak modeloekin ere erkatu dituzte: auto modelo garestiago edo merkeagoen araberako ohiturak ere finkatzen dira horrela. General Motorsek dioenez, test hauek baiezkoa eman zuten gidariekin egin dituzte eta datuak ez dituzte saldu edo "lizentziatu". Baina erabilitako hizkerak, eta bereziki "datuak lizentziatu" terminoak salatzen du General Motors-ek uste duela datuak auto-konpainiarenak direla, eta ez erabiltzaileenak.

Datuak autoek gorde egiten zituzten, eta etxera iristean etxeko wifiarekin konektatzean, bidali egin zituzten General Motors-eko zerbitzarietara. Proba hauek AEBetako Los Angeles eta Chicago hirietan egin zituzten, GM-ren parte diren Cadillac edo GMC bezalako marka duten modeloekin. Europan garai batean Opel, Saab eta Chevrolet markak kudeatzen zituen GM-k, baina gaur egunean inportazioak bakarrik egiten ditu: Opel/Vauxhall negozioen salmenta 2017an itxi zuen PSA taldearekin (Citroen/Peugeot).

Hortaz, gidariak ere produktua izan gaitezke etorkizun hurbilean. Gure ibiliak, eta autoan entzun edo esaten duguna, beharbada autogilearen jabetza izan daiteke, eta autoan entzuten dugun publizitatea horren araberakoa izan daiteke.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago