Teknologia albisteak

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamargarren edizioa Bilbon azaroaren 6an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-19 : 12:42

X. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egingo da datorren azaroaren 6an, Soziolinguistika Klusterrak antolatuta. Bilbon izango da, EHUren Bizkaia Aretoan. Hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei dagokionez, berariazko ikuspegia behar du ingurune digitalak. Hizkuntza komunitate bakoitzak bere modura erantzun dio testuinguru berrietara egokitzeko etengabeko erronkari eta egoera horren inguruko hausnarketa egingo da aurtengo jardunaldietan. 

Programa zenbait gairi buruzko eta era guztietako formatuetako saioek osatuko dute. Aurten gai bat gailenduko da: Hizkuntzen bilakaera ingurumen digitalean. Nazioarte mailako joera nagusien berri izateko aukera egongo da, arloaren ezagutza zuzena dutenen ahotik. Alde batetik, nazioarte mailan gaia ikertu eta lantzen duten aditu erreferentzialak izango dira; eta bestetik, euskararen kasua erarik sakonenean ezagutzen duten bertako eragileak.

Euskal soziolinguistikan garatzen ari diren hainbat proiektu gertutik ezagutu eta lantzeko aukera izango da, besteak beste, lantegi parte hartzaileetan eta Soziolinguistika Klusterraren erakusleihoan. Gainera, Andras Kornai aditu hungariarra Bilbon izango da hizkuntzen bizitasun digitalaren gakoak azaltzen. Euskarak ingurune digitalean dituen erronkei ere tarte berezia eskainiko zaie.

Hausnartu Sarien banaketa jardunaldiaren egitarauan txertatu da. Irabazleak iragarriko dira eta saritutako lanen jendaurreko aurkezpena egingo da. 

Izen-ematea zabalik da azaroaren 2ra arte. Matrikula arruntaren prezioa 50 eurokoa da eta 40 euroko aukera murriztua dago ikasle, langabetu eta Soziolinguistika Klusterreko bazkidentzat.

Informazio osagarria:

 

 

Erantzun

Sartu