Eibarko mendizale talde batek bultzatuta sortu da Euskal Herriko 100 Mendi Ederrenak egitasmoa. Azken urteotan mendirik mendi ibili ondoren, gure lurraldeko mendirik ederrenak izan daitezkeen horiek webgune batean batu dituzte: informazio praktikoa, trackak, argazkiak, bazkaltzeko leku aproposak eta abar. Informazio praktiko eta erabilgarria edozein mendizalerentzat.
Jubilazioak dakarren denbora librea baliatuz Euskal Herriko 100 mendi ederrenak izeneko egitasmoari ekin zioten duela pare bat urte Eibarko Klub Deportiboko zenbait mendizalek. Julian Etxeberria, Andoni Zendoia eta Angel Treviño izan ziren sustatzaileak; Roberto Larrañaga eta Mikel Lizarriturri ere laguntzaile izan ziren hasieratik. Gerora, taldea zabaltzen joan da, izaera irekia duelako egitasmoak.
Hasierako irizpideak jartzea izan zen lehenengo lana: 100 mendirik ederrenak zerrendatzea, alegia. Horrela, euren esperientzia eta gustuetatik abiatu ziren, ahalik eta mendilerro eta eskualde gehienak hartuz, 100 mendien zerrenda hori zerrendatu arte: 20 Araban, 20 Bizkaian, 10 Iparraldean, 20 Gipuzkoa eta 30 Nafarroan. Hemen duzue mapa mendi guztien kokapenarekin.
Proiektu honek badu berezitasun bat. Mendi eta gailurrak bistatzen ibiltzeaz gain, jasotako informazio guzti-guztia ondo antolatu eta sareratu dute, Euskal Herriko gainontzeko mendizaleentzat informazio-iturri aberatsa eskainiz.
Aste honetan aurkeztu dute webgune berria, 100 mendi horien inguruko informazio zehatz eta erabilgarria erakusten duena. Mendi bakoitzak bere fitxa dauka, bertara iristeko datuekin, ibilbidearen GPS tracka, argazkiak, informazio praktikoa... eta baita bazkaltzeko tokirik ederrenak ere. Gainera, kasu guztietan bide arrunt eta errazak hartzea erabaki dute; hau da, edozein mendizalek egiteko moduko igoerak dira webgune honetan aipatzen direnak.
Zorionak eta eskerrik asko!
Erantzun
Sartu