Teknologia albisteak

Paul Allen hil da, Microsoften sortzaile eta PC munduaren aitzindari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-16 : 08:59

Bart hil da Seatlen (AEB) 65 urte zituelarik Paul Gardner Allen, ordenagailu pertsonalen (PC) kontzeptuaren bultzatzaile nagusitzat hartzen dena. Microsoften sortzaile izan zen, Bill Gatesekin batera; zientzia eta teknologiaren alorretan egindako lan filantropikoarengatik ere ezaguna da.

Seatlen (AEB) jaioa 1953an, bertan hil da bart Paul Allen, Twitterreko bere kontuan bertan argitaratu dutenez. 22 urte zituelarik, bere lagun Bill Gatesekin batera Microsoft enpresa sortu zuen 1975ean. Antza denez, Allenek asmatutakoa da izena (Micro + Soft), ordura arte ezagutzen ez zen ordenagailu kontzeptu bat bultzatu nahi zutelako: ordenagailu txikiena (micro), konputagailu pertsonalena, alegia. Hasierako urte haietan, Allenek jartzen zuen ikuspegi teknologikoa eta Gatesek alderdi komertziala.

1983an linfoma bat aurkitu zioten eta Microsoft utzi zuen. Linfoma horrek hil zuen atzo, 65 urte zituela. Teknologia munduko arduradun gehienen mezua antzekoa izan da Allenen heriotzaren orduan: ordenagailu pertsonalen mundua ez litzateke berdina izango Paul Allenek hasierako urte haietan egindako ekarpenengatik ez balitz.

Microsofteko ardura nagusietatik kanpo egon bada ere, akziodun izaten jarraitu zuen eta horrek aberastasun handia ekarri zion. Aberastasun horren zati bat zientzia eta teknologia proiektuak laguntzeko erabili izan ditu Allenek eta horrela azpimarratzen da gaur hedabide guztietan, Allenen alderdi filantropikoa, dozenaka ikerketa-proiektu babestu dituelako azken 30 urteotan. Besteak beste, ondorengo erakundeak sortu eta sustatu ditu: Allen Institute for Brain ScienceInstitute for Artificial IntelligenceInstitute for Cell Science eta Stratolaunch Systems

Dokumentalak eta zinema independientea ere diruz lagundu izan ditu eta Estatu Batuetako hainbat talde profesionalen jabe ere izan da, hala nola, Portland Trail Blazers (saskibaloia), Seattle Seahawks (futbol amerikarra) eta Seattle Sounders (baseballa).

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago