Teknologia albisteak

Egin zoom kanpora Google Maps-en eta ihes egin Mercator proiekziotik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-11 : 10:52

Berritasun bat ikusi dugu Google Maps-en funtzionamenduan, ez dakigu berri-berria den edo duela aste batzuetakoa, baina arreta deitu digu. Mapen ikusmiran zoom egiten baduzu kanpora, 2-dimentsioko ohiko proiekzioa hautsi egiten da eta mapa tolesten hasten da kurba batekin. Zoom kanporaino egin, eta mundu bolaren mapamundi bat agertzen da, saguz mugi daitekeena. Mapamundi euskalduna, gainera, euskaraz baduzu Google konfiguratuta.

Kartografiaren arazo historiko batean txiribuelta bat eman du Googlek neurri honekin. Mundua biribila da, baina mapak bi-dimentsionalak dira definizioz: hala izan dira paperean, eta baita ere ordenagailuko pantailan, berez, hau ere bi-dimentsioko pantaila den neurrian. Dimentsio murrizketak errepresentazio arazoak dakartza kartografian, eta soluzio zabalduena izan da Mercator proiekzioa delakoa, zeinak ipar latitudeetako elementuak oro har asko handitzen dituen.

Webgintzan, mapa gehienetan ere Web Mercator izeneko proiekzio bat erabili izan da. Honek Mercator klasikoaren proiekzioa baino ipar-distortsio txikiagoa du, baina batean zein bestean adibide klasikoa da nola Groenlandia ikaragarri handia agertzen den, Afrikarekin alderatuz.

Ikus Mercator klasikoaren tamaina alderaketa, benetakoagoa den irudi baten ondoan:

Eta Web Mercator proiekzioaren adibidea OpenStreetMap plataforman.

Orain, proiekzio hori eskala jakin batetik aurrera haustea erabaki du Googlek. Pantailako irudiak 3-D proiekzioen itxura eman dezake, eta horixe baliatu du Googlek, eskala handian mundua biribiltzeko.

Erantzun

Sartu