Facebook-eko Portal izeneko gailu bat aurkeztu du, bere marka izango duen lehen hardware produktua. Funtsean, bideo-deiak egiteko gailu bat da, eta ezer gutxi gehiago, baina sinpletasun horretan egon daiteke produktuaren gakoa (edo hori esperoko dute garatzaileek).
Facebook handiak badu hardware egiten duen beste unitaterik. Adibidez, Oculus VR errealitate birtualeko konpainia erosi zuen, betaurreko-kaskoak egiten dituena 360 graduko esperientzia batean murgiltzeko erabiltzailea. Baina beste marka bat gisa garatzen da Oculus, Facebook-en barruan. Portal delako hau, aldiz, Facebook-ek bere koartel nagusitik garatutakoa omen da.
Funtsean bideo-deiak egiteko tresna bat da. Horrela esanda ere, ez dirudi beste munduko ezer, edozein telefonotan egin baitaitezke deiak elkarren aurpegiak ikusten, dela Skype edo Discord bezalako aplikazioekin. Baina berritasuna da Portal delako honen kokapena: ez dago pentsatuta sakelerako, etxerako baizik. Telefono finkoaren tokia hartu nahi du etxean, bideo deiak egiteko ordea.
Kalitate handiko kamera du, eta enfokatze sistema automatizatu eta aurreratuak. Kontaktu zerrenda azkar baten bidez (Facebook lagunekin lotua, printzipioz) deiak erraz egitea da koska. Portal delakoa daukaten bi lagunen artean deiak ondo joango direla u,lertzen dugu, baina egiazki Portal duenak Portal ez duenari deitzen badio hori nola ibiliko den ez dakigu oso ondo... eta alderantziz, Portal gailu batera deitu dezakegu beste nonbaitetik? Kasu hauetan badirudi Facebook-en Messenger aplikazioa beharko dela beste muturrean.
10.1 edo 15.6 hazbeteko pantaila aukerekin dator, eta AEBetan merkaturatzen hasiko dira 200 edo 350 eurotan, azaroan. Facebook-ek zabaldu duen publizitatean pribatutasunari garrantzia ematen diotela esaten dute: etxeko irudiak transmititzeko bai, baina ez omen da grabatzen etxeko irudi edo audiorik, eta Facebook-eko beste toki batzuetan darabiltzaten teknologiak, hala-nola aurpegi ezagupena, ez omen da aktibatuko Portal gailuetan. Horixe diote, sinetsi ala ez...
Hona azalpeneko bideo bat:
Erantzun
Sartu