Teknologia albisteak

Bagenekiena neurtu du azterketa batek: emakumeen arropen sakelak txikiegiak dira sakelakoak sartzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-09-04 : 10:10

Azterketa honek ez du harrituko jende larregi, emakumezkoak are gutxiago, baina bagenekien horri zenbakiak jarri dizkio The Puddingek egin duen azterketa txiki honek. Emakumezkoen praken poltsikoak gizonezkoenak baino nabarmen txikiagoak izateaz gain, murritzegiak dira smartphonea bertan eramateko. Sakelako telefonoa uneoro aldean eramaten dugun arren, emakumeen kasuan, behintzat, ezin normalean sakelean bertan eraman.

Estatu Batuetako galtza bakero ezagunenak hartu zituzten The Puddingekoek, 20 marka ezagunenak. Gizonezkoen eta emakumezkoen galtza-modeloak neurtu zituzten eta emaitza garbia da: batez beste, emakumeen praketako poltsikoak %48 laburragoak dira (eta %6,5 estuagoak). 

Poltsikoak txikiagoa izateaz gain, txikiegiak ere badira telefono ertain-handi samarrak sartzeko. Esate baterako, Google Pixel telefonoa gizonezkoen poltsikoen %85ean sartzen da, baina emakumezkoen %5ean soilik. Beste telefono-marka batzuetan aldea ez da horrenbestekoa, baina bai nabarmena. Besteak beste, emakumeen poltsikoen %40an bakarrik sartzen da iPhone X bat (eta gizonezko praken %100ean) eta andren poltsikoen %20an bakarrik Samsung Galaxy bat (gizonezkoen %95ean).

Hori aurreko poltsikoei dagokionez. Atzeko poltsikoetan aldea oso txikia da (ia-ia arbuiagarria), baina jakina, telefonoa atzeko patrikan eramatea ez da munduko gauzarik ziurrena ere!

Datu eta grafika gehiago, marka eta modelo guztien datuekin, jatorrizko azterketan.

 

Erantzun

Sartu