Teknologia albisteak

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko entxufeak jarri dituzte Londresko faroletan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-08-31 : 10:37

Londresko udalak Char.gy enpresarekin hitzartutako kontratuaren ondorioz, 2020. urterako 1.150 entxufe edo lokia jarriko dituzte Erresuma Batuko hiriburuko kaleetan ibilgailu elektrikoak kargatu ahal izateko. Horretarako, kale-argien sarea erabiliko dute eta kargagailuak aplikazio baten bidez kontrolatu ahalko dira sakelakoa erabiliz.

Londresko Udalak Go-ultra Low City izeneko egitasmoa abiatu zuen 2016. urtean. Egitasmo horren helburua da ibilgailuen emisio kutsatzaileak gutxitzea eta Europa osoko erreferentzia bihurtzea ULEV ibilgailuei dagokionez (Ultra-Low Emission Vehicles). 

Bide horretan hainbat erabaki hartu dituzte eta, horietako azkena, kale-argietan ibilgailu elektrikoen bateriak kargatzeko entxufeak instalatzea. Hau da, kaleetako argi eta farola sarea erabiliko dute kargagailuak jartzeko. Char.gy enpresarekin izenpetu berri duten hitzarmenaren arabera, 1.150 kargagune ezarriko dituzte 2020. urterako. 

Kargaguneak erabiltzeko aplikazio bat instalatu beharko da telefonoan eta app horren bidez erabili eta ordaindu ahalko da kargagailua. Ordainketa erabili ahala egin ahalko da edo denbora jakin baterako harpidetza bidez. "Hiritar gehienek ez dute aparkaleku pribaturik eta gidari horiei aukera publikoak eman behar dizkiegu euren ibilgailuak kargatu ahal ditzaten eta ibilgailu elektrikoen kopurua haz dadin", adierazi dute udaleko ordezkariek.

Erantzun

Sartu